Zerbitzu anitzetako langilea hartu nahi du Goizuetako udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 12a, 08:00

Besteak beste, herriko garbiketa lan orokorrak egin beharko ditu langile berriak.

Lanpostua oposizio-lehiaketa bidez bete nahi du eta eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 16an bukatuko da

Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du Goizuetako udalak eta urtarrilaren 16an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Besteak beste, herriaren garbiketa lan orokorrak, udal eraikinetako, instalazioetako eta biltegietako mantentze lanak, hiri altzarien instalazioa eta mantentzea, uraren kontrol analitikoa, udal azpiegiturak eta eraikinak mantentzeko lanak, baso lanak, pista eta bideen mantentzeko lanak... egiteko egin du deialdia udalak. Izendatuak udalaren funtzionario izaera izanen luke, eta D mailari dagokion ordainsaria.

Plazarik gabe gelditzen diren izangaiekin, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda osatuko du udalak, eta sor litekeen edozein beharretarako erabili ahal izanen du.

Larreak erretzeko baimena

Abenduaren 21az geroztik zabalik da Goizuetan mendian larreak erretzeko baimenak eskatzeko epea. Urtarrilaren 31ko 12:30 arteko epea izanen da horretarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun