Zentral eolikoak eskualdean

Gipuzkoako mugan zentral eolikoak egiteko balizko guneak ageri dira Jaurlaritzaren lurralde plan sektorialean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 5a, 11:00

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren dokumentuak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak bere webgunean. Zentral eolikoak egiteko balizko hainbat kokapen ageri dira horretan, eta tartean Leitzaldeak eta Urumealdeak Gipuzkoarekin muga egiten duten eremuetan, mendiguneetan, aurreikusitako proiektuak daude.

Urteko funtzionamendu orduen arabera, lehen edo bigarren mailako kokalekuak

Eusko Jaurlaritzak bi eremu mota bereizi ditu, «kokaleku guztiek ez dutelako, energia berriztagarri hori [energia eolikoaz ari da] garatzeko kalitate bera»: lehen mailako kokalekuak eta bigarren mailakoak. Lehen mailako eremuetan «haizearen batez besteko abiadura 7,2 m/s-koa edo handiagoa da 100 m-ko altueran, edo, hori bete ez arren, urteko funtzionamendu orduak 3.350 dira». Hain zuzen Mandoegi da zentral eolikoa egiteko balizko kokapen horietako bat eta lehen mailako kokaleku izendatu du Jaurlaritzak. Mandoegin haizearen abiadura 7,49 m/s-koa da txostenean ageri denez, 6,89 kilometroko luzera izanen luke eta 0,91 km2-ko azaleran eragina izanen luke.

Bigarren mailako kokalekuetan, berriz, «haizearen batez besteko abiadura 7,2 m/s eta 6,22 m/s artekoa da 100 metroko altueran, edo, hori bete ez arren, urteko funtzionamendu orduak 2.650 baino gehiago». Eta hor daude eskualdearekin muga egiten duten aurreikusitako gainerako eremuak.

 

Honi buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzaren webguneko lotura honetan ageri da. Planoak ikusteko LPSren aurrerapen dokumentuan klikatu behar da, eta hor Aurrerapen Dokumentua. Planoak atalean.

Dokumentu hauek behin-behinekoak dira eta planoetan ageri direnak balizko tokiak. Prozesua luzea izanen da, dokumentu hau Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen dokumentua da eta oraindik zuzenketak egiten ari dira. Hortaz, aldaketak izanen ditu.

Energia Berriztagarrien LPSaren behin betiko onarpena lortzeko beharrezko prozedura erakusten du hurrengo eskemak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun