Hiru bisita gidatu eginen dituzte hilabete honetan Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 4a, 17:00

Argazkia: Donostiako Udala.

Igande honetan Enobieta ibaia ezagutzeko aukera izanen da, urtarrilaren 15ean Mintegixarren eta trenbide zaharrean barna ibiliko dira eta urtarrilaren 22an Altueta eta Goizaringo burdinola bisitatuko dituzte. Parte hartzeko nahitaezkoa da bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen izena ematea.

Donostiako Udalaren Artikutza Natura programaren barrenean, urte osoan bisita gidatuak antolatzen dituzte eta horretarako enpresa bat kontratatua du Donostiako Udalak. Hilabete honetan, hiru bisita gidatu iragarri dituzte.

Enobieta ibaia urtarrilaren 8an

Igande honetan, urtarrilaren 8an, hamar bat kilometro eta 475 metroko malda duen bisita gidatua eginen dute Enobieta ibaiaren inguruan. Ibilbidea Artikutza auzoan hasiko da, eta handik Enobieta ibaiaren ibilguan sartuko dira. Lehenbiziko kilometroak urtegi zaharra zegoen tokitik eginen dituzte, eta horren ondoren, behetik gora abiatuko dira ibaiaren bideari jarraituz. Enobietako bordaren hondakinak ere ikusiko dituzte eta haginez betetako eremu batetik ere pasatuko dira.

Izena lotura honetan, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo telefonoz 679 61 30 16ra (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara) deituta egin behar da.

Mintegixar eta trenbide zaharra

Urtarrilaren 15ean eginen dute hurrengo hitzordua, Mintegixarren eta trenbide zaharrean barna. Honek ere hamar kilometro izanen ditu eta 120 metroko desnibela. Eskasetik abiatu eta Mintegixar inguruan ibiliko dira, besteak beste, hagin asko dagoen eremua bisitatuz. Horietako batzuek 400 urte baino gehiago omen dituzte. Gero, meatze-trenbide zaharraren trazaduran barna, Eskasera bueltatuko dira.

Izena lotura honetan eman daiteke, edo bestela, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679 61 30 16ra (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara) deituta.

Altueta eta Goizaringo burdinola

Urtarrilaren 22an Altueta eta Goizaringo burdinolak ezagutzeko eginen duten bisita gidatua luzeagoa izanen da: hamabi kilometrokoa eta 435 metroko malda duena. Gainbehera nabarmena duela eta, zailtasun haundikoa dela iragarri dute antolatzaileek. Besteak beste, Artikutzan interes historikoa duten zenbait elementu ezagutzeko aukera izanen dute: mairu baratzeak, mugarri zaharrak, Goizaringo burdinola... Bisita gidatua Artikutza auzoan hasiko da.

Erreserba lotura honetan, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679 61 30 16ra (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara) deituta eman daiteke.

Bisita gidatu hauek elebitan izanen dira. Sei eta hamasei urte bitartekoek 2,09 euro ordaindu behar dute pertsonako eta hamasei urtetik gorakoek 3,14 euro. 09:00etan abiatuko dira eta bertan ordaindu beharko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun