200 bat lagun bildu dira Leitzako Sarek antolatuta urteko azken ostiralean egin duten ekitaldi berezian

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 2a, 12:30

Etxera bidea gertu lelopean ekitaldi berezia egin zuten joan den ostiralean, abenduaren 30ean, Leitzan. Herriko hainbat eragilek parte hartu zuten Leitzako Sareren hitzorduan, eta antolatzaileek balorazio ona egin dute. Bide batez, larunbatean Bilbon egitekoa den manifestaziora joateko deia egin dute.

Argazkiak: Mikel Illarregi.

Urteko azken ostirala berezia izatea nahi zuen Leitzako Sarek, eta helburu horrekin antolatu zuen abenduaren 30eko hitzordua, olerkariak, irrintzilariak, harri jasotzaileak, abesbatzakoak, dantzariak, bertsolariak... gonbidatuz. Guztien artean osatu zuten Etxera bidea gertu ekitaldia. Hainbat bideo ere pantailaratu zituzten eta herriko preso ohi bat eta preso baten senide bat ere jarri ziren mikrofono aurrean. Hunkigarriak izan ziren beraien hitzak.

Urte berrian sartuta, larunbatean Bilboko kaleak hartuko dituen manifestazioan jarria du orain begia Leitzako Sarek. Hara joateko deia egin die herritarrei. Leitzatik Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte, eta izena ilbeltzaren 4a baino lehen eman beharko da Maimurren, Astizen eta Torrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun