'Etxera bidea gertu' lelopean ekitaldi berezia eginen dute urteko azken ostiralean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 22a, 10:00

Bi urteren ondoren, ilbeltzaren 7an Bilboko kaleak «bizikidetza lortzeko itxaropenez eta euskal presoei eta haien familien giza eskubideak errespetatzeko exijentziaz betetzeko» deia egin du Leitzako Sarek. Horrez gain, abenduaren 30ean, urteko azken ostiralean, herriko plazan ekitaldi berezia eginen dute.

Abenduaren 30a «azken ostiral berezia» izanen dela aurreratu du Leitzako Sare Herritarrak. 19:00etan hasita, herri kirolari, bertsolari, dantzari, kantari eta hainbat herritarrekin ekitaldia eginen dute plazan.

Ekitaldi hori eta ilbeltzaren 7an Bilbon eginen den manifestazioa «gure helburuak lortzeko falta zaigun bidea aldarrikatzeko momentu indartsuak» izanen dira Leitzako Sareren hitzetan: «Duela zazpi urte baino gehiago, SARE Herritarren Sarea sortu zenean, bagenekien gure erronkak zailak zirela. Oztopo handiei aurre egin beharko geniela, azken batean, egoera aldatu nahi ez duten presio taldeen eragina ere agerikoa baita».

Hala ere, aurrera egitea lortu dutela dio Sarek: «Gaur, euskal presoengan eta haien familiengan hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude: urruntze politikarnen amaieran, alegia. ».

Bilbon eta Leitzan «aurretik dugun bidea aldarrikatzeaz gain, orain arteko bideari eta lortu dugunari balioa eman» nahi diote. «Zoritxarrez urte gehiegitan luzatu den auzolan erraldoi bat baitago urruntze politikaren aurkako lorpenean: senideen xamurtasuna eta indarra, sendagileak, psikologoak, herriz herriko dinamikak, Mirentxin gidariak, hamaika elkartasun zozketa eta abar luze bat. Latzegia izan da urruntze politikak eragindako sufrikarioa, eta ezin aipatu gabe utzi, honen alderdirik latzena. Hau da, dispertsio politikaren ondorioz, 16 senidek bizia bisitetarako bidean galdu dutela».

«Etxeratze prozesua burura eraman arte» aurrera egiteko deia egin du Sarek. Eta gogora ekarri du «gaur egun legedi arrunta ezarriko balitzaie, euskal presoen zatirik handienak, modu batean edo bestean, kalea zapaltzen egon beharko lukeela». Hala, «espetxe politika arrunta aplika dadin, gure ahalegin guztiak» egiteko prest dagoela aitortu du, «behin betikoz, orain arte aplikatu den salbuespen egoera amai dadin». Beste hitz batzuetan esanda, «bizikidetzaren eta konponbidearen aldeko mezua elkarrekin aldarrikatuko dugu, Etxera bidea gertu lelopean».

Bilboko manifestaziora joateko autobusa

Leitzatik Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte aurten ere, eta izena emateko zerrendak irekiak daude. Maimur, Astiz eta Torrean eman behar da izena eta ilbeltzaren 4a izanen da apuntatzeko azken eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun