Sutea Aranoko Irakurri industrialdeko Maderas Justa lantegian

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 18a, 18:00

Igande goizean sute batek erre du Aranoko Irakurri industrialdeko Maderas Justa lantegia. Goizuetako eta Cordovillako parketik etorritako suhiltzaileekin batera, Donostiako suhiltzaileak ere aritu dira itzaltze lanetan.

Cordovillako suhiltzaileek, Goizuetako suhiltzaile boluntarioek eta Donostiako suhiltzaile talde batek Maderas Justa enpresan igande goizean piztutako sute bat kontrolatzea lortu dute. Zerrategian sua itzaltzeko lanetan ari zirela, suhiltzaile gipuzkoar bat zauritu da, eta osasun zentro batera eraman dute, eroriko batean orkatila hautsi duelakoan.

Sugarrak goizeko 8ak aldera hasi dira eta zerrategiko egurrek su-karga handia eragin dute. Suak enpresaren egitura kaltetu du, batez ere estalkia, eta barnean biltegiratutako egurra ere erre egin da. Zorionez, ez da beste enpresa batzuetan kalterik izan.

Goizeko 12ak baino minutu batzuk lehenago suhiltzaileek sutea kontrolpean zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun