Bi goizuetar Diario Vasco pilota txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 09:30

Ezkerrean Antton Apezetxea eta eskuinean BeƱat Apezetxea.

Beñat Apezetxeak promesen mailako finala jokatuko du Arroitarekin batera. Seniorretan Antton Apezetxeak jokatuko du finala, Elola lagun duela. Ez dira Bankoa Abanca-El Diario Vasco pilota txapelketako finalean ariko diren lehenbiziko pilotari goizuetarrak. Finalak larunbatean Zarautzen jokatuko dituzte.

Txapelketako partida guziak irabazita ailegatu dira Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak finalera. Larunbat honetan Zarautzko Aritzbatalde frontoian, 11:00etan hasita, ariko dira lehian. Promesen mailan ariko da Antton Apezetxea aurrelaria, Arroita atzean duela. Unai Amiano eta Loza izanen dituzte kontrario. Seniorretan, berriz, Antton Apezetxea atzelariak Elola izanen du aurrean, eta Igoa eta Ugartemendiaren aurka ariko dira larunbateko finalean.

Hain zuzen, finalerako sarrerak enkargatu zituztenek Goizuetako estankotik bildu ditzakete sarrerak.

Goizuetarrak Diario Vasco pilota txapelketan

Goizuetarrak aspaldi hasi ziren txapelketa honetan beraien arrastoa uzten. 1992an, esaterako, txapelketaren lehenbiziko edizioan, Juantxo Apezetxea goizuetarra –Beñaten aita– irabazle izan zen Diario Vasco pilota txapelketan banaka, eta 1993an Almandoz lesakarrarekin batera, txapeldunorde gelditu zen. 1996ko finalean Aimar Olaizola goizuetarrak eta Abel Barriola leitzarrak irabazi zuten finala promesetan. Eta 2015eko edizioan, gaur egun Aspeko aurrelaria den Iker Salaberria herritarra txapeldunorde gelditu zen promesen mailan, Julen Martijarekin bikotea osatuz.

Bestalde, aipatu behar da, 1996ko edizioan eskualdeko herri bereko beste bi pilotarik jokatu zutela finala. Promesetan Oronoz-Mugairiko Mikel Goñik eta Iñaki Otxandorenak jantzi zuten txapela promesetan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun