'Hondamendia' antzerkia taularatuko dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 9a, 11:00

Axut! eta Artedrama antzerki konpainiek Hondamendia obra taularatuko dute igandean Leitzan 19:00etan Herri Aretoan. Arkaitz Cano idazleak idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu du obra, eta Zaldibarko hondamendia du abiapuntu. Sarrerak aurretik erosi daitezke esteka honetan zazpi eurotan, eta  egunean bertan zortzi eurotan. 

Sinopsia

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau? 

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat. 

2020ko martxoa: COVIDa heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna... Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean? Nola eman liezaioke zentzua bere lanari agertokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean? Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea? Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri. Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean. Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun