3 urte bitarteko umeentzat eta hauen gurasoentzat Musikari Txikiak tailerra antolatu du Aralar Musika Eskolak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 8a, 11:00
Artxiboko argazkia.

2020tik 2022ko apirilera (hilabete hau barne) arte jaiotako haurrei eta hauen gurasoei zuzendutako tailerra da Aralar Musika Eskolak antolatu duena. Pandemia garaian alde batera utzi behar izan zuten, eta bueltan da berriz. Urtarriletik aurrera jarriko dute martxan, eta lau saio eginen dituzte guztira. Ikastaroa 45 euro ordaindu beharko da eta izena abenduaren 13a baino lehen eman beharko da.

Tailerren honen bitartez, «musikaren unibertsoarekin gozatzea» nahi dute, eta gisa honetara, «haurren eta gurasoen arteko lotura afektiboa indartzea» dute helburu, «txikiaren zentzumenak esnatzeko». Unai Artola Aralar Musika Eskolako irakasle eta Haur Hezkuntzan eta Hizkuntza Musikalean aditua denak emanen du.

Plaza mugatuak izanen dira, gehienez hamar haur, eta izena ematen duten lehen hamarrak hartuko dituzte. Izena info@aralar.org helbidera idatziz edo 948 50 44 89 edo 672 12 24 72 (goizez) telefonoetara deituz eman daiteke. Izena ematerakoan, haurraren izen-abizenak, jaiotze data, herria, gurasoren baten izena, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa jakinarazi beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun