Hurrengo mendi ateraldia abenduaren 17an eginen du Goizuetako mendi taldeak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 7a, 14:00
Arainburu Mendi Taldeak egindako irteera batean ateratako argazkia.

Goizuetako txokoak hobekiago ezagutzeko helburuarekin, herrian barna ibilbide zirkularra antolatu du Goizuetako Arainburu Mendi Taldeak abenduaren 17an. Bost bat orduko itzulia eginen dute.

Artzan-Iribar-Ilarbieta-Espide-Goizueta ibilbidea eginen dute abenduaren 17an Goizuetan. 15 kilometroko luzera eta 725 metroko malda duen itzulia izanen da, antolatzaileen hitzetan, «erraza». 08:30ean herriko plazatik abiatuko dira. Handik kotxez joanen dira Artzanera eta hortik aurrera hasiko dira oinez. 13:30 aldera itzuliko dira.

Izen ematea

Joan nahi dutenek abenduaren 15a baino lehen Goizuetako estankoan eta arropa dendan apuntatu beharko dute. Artzanera kotxeak eramateko boluntarioak behar dituzte eta kotxea eramateko prest dagoenak hala jakinarazi beharko du izena ematerakoan.

Bestalde, norberak bere gosaria eraman beharko du eta antolatzaileak ez dira gerta daitezkeen ezbeharren erantzule eginen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun