Oihana Iraola eta Iurgi Goikoetxea

«Lurra eta ingurumena zainduz bakarrik ulertzen dugu baserriko lana»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 11a, 08:00

«Basoa, mendia, animaliak eta lurra» maite dituzten 30 eta 34 urteko gazte leitzarrak dira Oihana Iraola Urkiola eta Iurgi Goikoetxea Irigoien. Iraolak «basoan ibiltzea, irakurtzea, musika entzunez baratzeko lanak egitea eta loreak zaintzea…» du gustuko. Goikoetxeak, berriz, «natura eta animaliak» ditu zaletasun. 

Aresoko Iruñegi baserria hartua du bikoteak, eta baratzean zein aziendarekin lanean aritzen dira bertan; «hasiera berri batean gaude, urte batean aldaketa asko izan ditugu. Gure bizilekua eta lantokia zena utzi ditugu, baserri bat erosi eta konpondu dugu, gure kabia atondu eta gure elikagaiak sortzen segitu dugu. Orain begirada etorkizunean jarrita dugu».

Ametsetako bizimodua

Bi urteko prozesu baten ondoren ailegatu ziren Aresora; «baserri dezente ikusi ondoren, Iruñegi guretzako aproposa zela ikusi genuen lehenbiziko egunetik: baserria txikia da, gure familia, lagun eta ingurukoen bizilekutik gertu dago eta amesten dugun bizimodua eraikitzeko baldintzak betetzen ditu».

Hala ere, lehenagotik esperientzia dute baserriekin; «Intzako Orixenea baserrian bizi izan gara bost urtez, Araitz bailaran». Bost urtetan «asko ikasi genuen. Zer eta nola egin nahi dugun ikusi eta ikasteko balio izan zigun eta erabaki hau hartzeko indarra eman zigun».

Baratze ekologikoa

Bigarren urtea dute Iruñegin baratzearekin eta «denetik» lantzen dute bertan, baina oraindik «gauza bakoitza nola egokitzen den» probatzen ari dira. Izan ere, «kilometro gutxiko aldea badago ere, zeharo aldatzen da baratzea Intzatik Aresora». Momentuan, «hiru familientzako baratzea» egiten dute, «udan eta udazkenean kontserbak egiten ditugu eta soberakinak saldu egiten ditugu».

Ekologikoan lantzen dute lurra: «ez dugu herbizida, intsektizida ezta ongarri kimikorik erabiltzen, gure azienden ongarria baizik. Guretzat garrantzitsua da jaten dugun hori guk sortzea, eta sortzen dugun hori osasuntsua izatea». Bere arriskuak ere baditu, baina merezi du; «urte batean ekoizpenaren zati bat gaitzen batengatik galdu behar badugu, nahiago dugu galera hori onartu erremedio kimikoren bat erabili baino. Lurra eta ingurumena zainduz bakarrik ulertzen dugu baratzeko jarduna».

Ahuntzekin lanean

Baratzeaz gain, ardiak, ahuntzak, txerriak eta hegaztiak dituzte baserrian. «Estentsiboan ari gara, baina asmoa epe motzean ekologikoan aritzea da. Ekologikoa prozesu bat bezala ikusten dugu, pausoz pauso lortu beharreko helburu bat.

Momentuz, antxumeak eta arkumeak saltzen dituzte. «Urte hauetan ikusi dugu izugarri gustatzen zaizkigula ahuntzak. Urteetan pixkanaka osatu genuen basoko ahuntz-taldea saldu eta esnetarako ahuntzak erosi genituen duela bi urte». «Ilusio handia» dute ahuntz esnearekin zerbait egiteko, «momentuz gazta egiten ikasten ari gara eta lehenengoak probatu ditugu».

Produktuak plazara eramateko unea

Orixenea baserrian zeudenean, «Leitzako azokara joaten ginen ostiralero barazkiak saltzera. Oso esperientzia aberasgarria zen, jendearekin harremanak egin eta gauza asko partekatzen genituen. Gainera, azoketan produktuari dagokion balioa ematen zaio».

Momentuan ez dute azoketan parte hartzen, baina bi urteren ondotik Leitzako eta Aresoko produktuen VIII. azokan izan dira azaroan, «batez ere Iruñegi aurkezteko eta jendearekin berriz ere harremana berrartzeko».

Etorkizunera begira

Iraolak eta Goikoetxeak argi dute; «baserritik bizitzea ez da inoiz erraza izan, eta gaur egun, ere ez. Baina gustuko tokian aldaparik ez». Bidea «ederra» izaten ari dela diote, «eta guretzat eta ingurukoentzat elikagai osasuntsuak gure eskuekin sortzeak betetzen gaitu». Etorkizunera begira «proiektu txikiren bat martxan jartzeko asmoa» dute, «baina momentuz ideia besterik ez da». Azkenik, «eskerrak eman nahiz dizkiegu bide honetan lagundu, animatu eta babestu gaituzten guztiei. Bereziki, gurasoei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun