Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren zilarrezko domina hartu du Mikel Nievek

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 1a, 11:00
Dominak hartu zituztenak atzo Iruñean. Goitian, ezkerretik hirugarrena Mikel Niebe. Erdian, Txibite eta Hualderen artean, urrezko domina hartu duen Nerea Pena eskubaloi jokalaria.

Txirrindulari leitzarrarekin batera, bertze 28 lagunek bildu dute sari hori eta Nerea Pena eskubaloi jokalariak urrezko domina

Kirol Merituaren 2022ko Urrezko Domina Nerea Pena Abaurrea eskubaloi jokalariari eman dio Nafarroako Gobernuak azaroaren 30ean, asteazken arratsaldean. Aldi berean, 29 pertsonari zilarrezko dominak eman dizkie, kirolean egin duten lanarengatik. Horietako bat Mikel Nieve Iturralde txirrindulari leitzarrak hartu du.

Domina hauek, Nafarroako Gobernuak kirola arloan eman ditzakeen sari gorenak dira. Horiekin, kirol ibilbiderik onenak bereizten dira, bai banakako kirolarien artean, baita teknikarien edo zuzendarien artean ere, betiere haiek Nafarroako kirolaren sustapenean nabarmendu izan direnean.

Mikel Nieve Iturralde leitzarraren kasuan, txirrindularitza profesionalean egin duen 14 urteko ibilbide oparoa saritu dute. Italiako Giroan lortutako hiru etapa garaipenak eta Espainiako Vueltan irabazitako etapa azpimarratu dituzte, baita hiru itzuli handietako sailkapen orokorrean hamar lehenbizikoen artean sei aldiz sailkatu dela ere.

Sari banaketa azaroaren 30ean, asteazken arratsaldean egin zuten Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko klaustro isabeldarrean, 2022 Nafarroako Egunari dagokion programa instituzionalaren baitan. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea izan ziren ekitaldian, bertze hainbat ordezkari politikorekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun