Arrandegi eta harategietarako tuperrak banatu ditu Mendialdea Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 29a, 12:00

Gaur egungo araudiak debekatu egiten du erabilera bakarreko plastikoak erabiltzea, eta hala, Mendialdea Mankomunitateak «nahitaezkoa» ikusi du «irtenbide iraunkor bat bilatzea erosketa modu eroso eta jasangarrian egiten jarraitzeko».

Horregatik banatu ditu tuperrak Aranon, Areson, Goizuetan, Larraunen, Leitzan eta Lekunberrin; tuper gorriak harategietan erabiltzeko eta berdeak arrandegietan erabiltzeko dira eta gisa honetara, «erositako produktuak modu seguruan kontserbatu eta garraiatzea» nahi du mankomunitateak. 

«Ahalik eta pertsona eta establezimendu gehienek eskualdeko saltokietan erosketak egiterakoan bilgarri berrerabilgarri hauek erabiltzea» nahi du mankomunitateak. Gogoratu dutenez, «haragia, arraina, haragia eta fianbreak erosterakoan plastikozko poltsak, erretiluak eta bestelako ontziak saihestearekin bakarrik murriztu egiten dira produktuak merkatuetatik edo saltokietatik gure etxeetara garraiatzeko sortutako hondakinak». 

Ekintza gehiago

2022ko Hondakinen Urteko Funtsak diruz lagunduta Mendialdea Mankomunitateak aurten egin duen kanpainetako bat da tuperrena, baina ez bakarra, hainbat kanpaina egin baititu «hondakinen sorrera murrizteko eta sortutako biohondakinak selektiboki konpostatzeko».

Besteak beste, «etxeko zein komunitateko konpostajearen jarraipena hobetzeko kanpainak» garatu ditu, eta «azalpen-bideoak ere egin ditu herritarrei biohondakinen kudeaketa egokia errazteko». Horrez gain, jaietan eta ospakizunetan erabilera bakarreko edalontziak ez erabiltzeko kanpaina ere egin du, eta udalerrien artean errefus txapelketa lehiaketa bultzatu du.

Guztira «40.000 euro baino gehiago» inbertitu ditu ekintza horietan, eta Mendialdea Mankomunitateak jakinarazi duenez, «gehiena 2022ko Hondakinen Urteko Funtsak diruz lagundu du». Nafarroako mankomunitateek zabortegira bideratzen duten hondakin tona bakoitzeko ordaintzen duten kanonaren bitartez hornitzen da Hondakinen Urteko Funtsa diru poltsa. Poltsa horretan bildutako dirua entitateei itzultzen diete hondakinen kudeaketa hobetzeko ekintzak aurrera ateratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun