Mendialdeak Behatoki Sozioekonomikoa eratu du

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 28a, 20:00
Mendialdeko Behatoki sozioekonomikoan aurkezpenean parte hartu zuten eragileak joan den asteazkenean Aranon.

Behatokia Mendialdeko Aktibazio Ekonomikorako Planaren gobernu, erabaki eta kontrol organo nagusia da eta Aranon egin zuten aurkezpena azaroaren 23an

Hainbat eragileren eskutik Aranon sortu zen azaroaren 23an Mendialdeko Behatoki Sozioekonomikoa. Behatoki honen funtzioa Mendialdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren gobernu, erabaki eta kontrol organo nagusia izatea da. Mendialdea Aktibatzeko Plana azken urteotan Mendialdea eskualdeko garapen lana indartzeko egin den esfortzuaren burutzea eta jarraipena da. Mendialdea Elikadura egitasmoa martxan jartzea (2019) eskualdeko garapen dinamiketarako bultzada izan zen. Ondoren, Mimukai proiektua sortu zen eta orain, Aktibazio Plan honekin jarraitu eta indartu nahi dute dinamika hori.

Planak eta Behatokiak lurraldea dute oinarrizko printzipio bezala, datozen urteetan eskualdearen garapena elkarlanean burutzeko lurraldeak egindako apustua izanik.  Hori dela eta, lurraldeko eragileen inplikazioa bilatu dute planaren diseinuaren hasieratik eta 2023an martxan jarrita, inplikazio hori mantendu eta sendotu nahi dute, bai erabaki estrategikoak hartzeko, baita plana denen artean aurrera eramateko ere. Adostasuna bilatzea, hausnartutako ebaluazioa, eta lanaren malgutasuna eta eraginkortasuna dira funtzionamendurako beharrezko osagaiak. Plana bizia eta dinamikoa da, ebaluazio jarraitua emango zaio eta ingurune sozioekonomikoa eta lurraldearen erronkak aldatzen diren heinean eguneratzen joango da. Lan honetan laguntzeko, sektore ekonomiko bakoitzerako Mahai edo Foro Iraunkorrak sortuko dira, elikadurarena salbu, 2021etik martxan baitago.

Behatoki Sozioekonomikoa lurraldeko ordezkapen organo gisa eratu da eta parte hartzerik zabalena izatea nahi dute, ordezkaritza publiko eta pribatuekin. Horretarako, tokiko entitateak, hainbat sektore ekonomikoetako erakundeak eta  eskualdean jarduera esanguratsua duten erakundeak gonbidatu dituzte. Atxikitakoen artean momentuz, Mendialdeko hamar udalak, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Habelarte, LeitzEko, Goiener, Kaxkabeltza, Lekunberri Mugituz, ASLANA, Mendialdeko Mankomunitatea, Araxes Garaiko Mankomunitatea, Gizarte Zerbitzuak, Euskara Mankomunitatea, INTIA, Nafar Lansarea, Cederna Garalur, eta beste zenbait eragile daude. Era berean, Behatokiak Cederna Garalur Elkartea izendatu du planaren sustatzaile eta dinamizatzaile bezala.

Behatokiko kideek itxaropentsu begiratzen diote Plan honi, eta lurraldearen kohesioan eta integrazioan beste pausu bat emateko gogotsu agertzen dira. Bestalde, erronka handi honek zalantzak eta kezkak ere eragiten ditu. Eskualde zabala eta hain anitza izanik, bailara bakoitzaren egoera ere oso desberdina da, batzuk, Gipuzkoara begira, beste batzuk Iruñerrira eta beste batzuk eskualdeko herri-gune bezala. Horren adierazle Arano da, Behatokiko lehen bilera honetarako aukeratutako herria eta urrunen gelditzen dena. Bilerara hurbildu diren pertsona batzuek onartu dute ez zirela inoiz egon edo behin batean, aspaldi, gerturatu zirela. Arlo ekonomikoan ere berdintsu gertatzen da, egoera eta testuingurua oso desberdina dela eta beraz, elkarrekin lan egiten hasteko abiapuntua ere horrelakoxea da.

Jakitun dira ere plan honek ez dituela eskualdeko erronka guztiak jasotzen. Sektore ekonomiko batzuk kanpoan gelditu dira, etxebizitza, garraioa eta oinarrizko zerbitzu publikoen lanketa ere ez ditu bere baitan hartzen, halere hasiera puntua da eskualdearentzat. Plana aurrera eramaten den heinean, eskualdeko eragileak beste sektore edota gai batzuei ere atea irekitzeko gai izango dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun