Berdintasunean aurrera egiteko prestakuntza saioak egiten ari dira Aranon, Areson, Goizuetan eta Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 19:00

Asteazken honetan Areson egindako prestakuntza saioa.

Hautetsiei eta teknikariei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu ditu Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Udaberrian egin zuten aurrenekoa eta orain egiten ari dira bigarrena. Hautetsien kasuan, asteartean Aranon egin zuten eta asteazkenean Areson. Abenduaren 1ean Goizuetako hautetsien txanda izanen da eta abenduaren 13an Leitzakoena. Lau herrietako teknikarien bigarren saioa, berriz, azaroaren 30ean eginen dute.

«Emakume eta gizonen arteko desparekotasunak egiturazko jatorria duela, eta ondorioz, bizitzaren arlo guztiei eragiten diela» ikusita, «berdintasunean aurrera egiteko arlo guztietatik lan egitea beharrezkoa» ikusi du Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Eta bide horretan, «aurrerapausoak emateko asmoz» prestakuntza saioak egiten ari dira lau herrietan, bai hautetsiekin, baita teknikariekin ere. Amaia Paz gizarte zerbitzuetako berdintasun teknikariak adierazi duenez, «saio hauek garrantzi handikoak dira, gure herrietako politika publiko guztietan berdintasuna txertatu ahal izateko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun