Joan den urte hasieran hasi zuen Lañaidek taldeak ibilbidea: «2021eko urtarrilean biltzen hasi ginen, baina talde publiko gisa martxoaren 8an sortu zen. Urtarriletik martxora taldean parte hartu nahi zuen jendea bilatu genuen, nolabait egonkortze aldera eta zer egin nahi genuen finkatze aldera». Geroztik lanean segitzen du Lañaidek, zer egina badelako.
Behar baino garrantzi gutxiago
Azaroaren 25a, adibidez, «egun garrantzitsua» iruditzen zaio, baina «batzuetan ez zaio behar bezainbesteko garrantzia ematen». Saralegiren irudiko, «foku asko egon ohi dira martxoaren 8an, baina azaroaren 25ak batzuetan ez du beharko lukeen ikusgarritasuna izaten». Egoera aztertuz, «aurrerapauso ugari eman direla ukaezina dela» aipatu du: «geroz eta ikusgarritasun gehiago dute erasoek orokorrean, matxistek, sexistek, arrazistek, LGTBQ komunitatearen kontrakoek…». Sentsibilizazio «gehiago» sumatzen du, baina argi du «bide luzea dugula aurretik. Hori ezin dugu ahaztu». Leitzarrari «ezinbestekoa» iruditzen zaio «sentsibilizazio eta kontzientziazio lanekin jarraitzea, gure inguruan espazio seguruak eraikitzen jarraitzea, gure artean ehuntzen jarraitzea… Horrela, gure inguruko errealitatea feministagoa bilakatzeko pausoak ematen jarraituko dugu».
Indarkeria matxistaren iceberga ere hizpide izan du: «Lanketa ugari egin da horren baitan, eta sare sozialei, komunikazio bideei, kaleko lanketei… esker, iceberg horren irudia ohikoa bilakatu da». Gisa horretara, «sozialki asko aurreratu» dela dio, «duela ez hainbeste urte arruntak ziren jarrerak onartezinak bilakatu baitira». Hala ere, «gure lanketaren antzera, indarkeria matxistak aurrera jarraitzen duela» nabarmendu du; «beste indarkeria formatuak sortu dira». Eta hain zuzen horregatik, «etengabe berrikuspen lanak» egitearen garrantziaz aritu da, «indarkeria berri horietan erortzeko aukera» ikusten baitu. Bide beretik, «guztiz argi» du aurten han eta hemen izan diren ziztadak «indarkeria matxistaren beste metodo bat» direla: «Beldurraren gailua ohikoa da indarkeria kasu guztietan».
Ekintza txikietatik aldaketa handietara
Arazoak «ultraeskuinaren gorakadarekin zerikusia» duela dio Saralegik, «batez ere beraien jarrera matxistek eta buloak [gezurrak] zabaltzeak feminismoa gizonen kontrako eraso zuzentzat identifikatzea bultzatzen baitute». Horren aurrean, «gure etxeak, herri auzoak, gaztetxeak, kuadrillak, lantokiak, tabernak… erabiliz» arazoa gainditzeko deia egin du: «Gure egin behar ditugu espazio guztiak, espazio guztietan izaten diren jarrera matxistak eta sexistak identifikatu, salatu eta eraldatu. Ekintza txikienetatik aldaketa handienetara iristeko bideak eraikiko eta sendotuko ditugulako».
Eta etorkizunera begira zer? Bada «feminismoak izan duen gorakada nabarmena mantentzen jarraitzeko lana egin beharko dela» esan du, «herri eta auzoetako talde feministak indartuz, mugimendu feministak gure artean ehunduz eta, gutxinaka espazioak gureganatuk». Garbi baitu «feminismoa dela gure irtenbidea. Denok biltzen gaituelako barnean, eta gizarte honetako salbazioa delako. Etorkizunak feminista izan behar du».