Ane Apezetxea Etxeberria

«Ez naiz damutzen Euskal Ikasketak hasi izanaz»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 26a, 08:00

Gasteizen Euskal Ikasketak egiten ditu Goizuetako Ane Apezetxea Etxeberriak, eta ikasketez, bertso mundua ere ezagutu du bertan

Nola definituko zenuke zeure burua?

Ez zait gustatzen nire burua definitzea, baina zerbait esatekotan, alaia eta berritsua naizela esanen nuke.

Zein dira zure zaletasunak?

Ttikitatik izan dut musikarekiko zaletasuna, pianoa jotzen eta euskal dantzetan hasi nintzenetik. Parrandazalea ere banaiz.

Zein ikasketa egiten ari zara?

Euskal Ikasketak egiten ari naiz Gasteizen, 3. urtean.

Zergatik Euskal Ikasketak?

Bigarren batxilergoan ez nuen batere argi zer egin nahi nuen. Magisteritzako gradua interesgarria iruditzen zitzaidan, baina azkenean Euskal Ikasketak egiteko nahia suertatu zitzaidan.

Espero zenuena da?

Ez naiz damutzen. Gure hizkuntzaren inguruko hainbat ezagutza neureganatu ditut; batzuk interesgarriak iruditzen zitzaizkidanak, beste batzuk ez hainbeste, eta beste batzuk ez nuke inoiz pentsatuko interesgarriak izan zitezkeenik.

Goizuetatik Gasteizera, alde handia?

Begi-bistakoa da. Herritik hirira bakarrik joatea zen nire beldur handienetakoa hasieran, baina atzera begira, mesede egin zidan, inguruarekin gehiago harremanetan hasteko. Klasekoekin eta ezagutu ditudan lagunekin zorte handia izan dut. Etxetik alde eginda, askatasun puntu bat ere lortzen duzu.

Noiz sartu zinen bertsoen munduan?

Gasteizera etortzean inguru arrunt bertsozalea nuen, eta ni ere hurbiltzen hasi nintzen.

Zer nahiago duzu, bertsolari edo gai-jartzaile?

Ez naiz inoiz bertsolari lanetan ibili. Alabaina, gure aitona bertsozale amorratua zen eta bere 97. urtebetetzerako hainbat bertso prestatu nizkion. Gasteizen ere bertso eskolan izena eman nuen. Bestalde, gai-jartzaile izateko lehen aukera Leire Retegirekin azaroaren 11n antolatu genuen bertso saio musikatuan izan nuen. Denetarik probatu behar da, ezta?

Nola ikusten duzu emakumeen egoera bertsolaritzan?

Eremu tradizional batean kokatzen den heinean, betidanik lotu izan da gizonekin, baina lotura hori desegiten ari da, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen.

Zure asmoak epe motzera?

Momentuz gustura nago karreran, etxean eta lagunekin.

Eta epe luzera?

Batek daki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun