Leitzako eskola eremuko lanen bukaera ospatuko dute ostegunean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 22a, 15:00
Erleta eskolako anpliazioan zeuden leihoak ere aldatu dituzte

Eskolako estalpearen obrak eta atariko moldaketak bukatu direla ospatzeko, pesta ttiki bat eginen dute azaroaren 24an, ostegunean.

Mikel Zabaleta alkateak aurreratu duenez, «800 lagun baino gehiago» bilduko dira, «estalpea eta gainerako moldaketak beharrezkoak izan diren erakusle». Amazabal institutuko ikasleak eta irakasleak, Erleta eskolak ikasleak eta irakasleak, eskolako eta institutuko guraso elkarteko kideak eta udal ordezkariak elkartuko dira.

750 metro koadro inguruko estalpe argiztatua eraiki dute (38x20 m), eta horrez gain, oztopo arkitektonikoak ezabatu dituzte lehen eskailerak ziren tokietan aldapak eginez. Bi futbol zelaiak berritu eta pintatu dituzte eta kirolerako elementu berriak jarri: lau kanasta, sarea boleibolean jokatzeko... Horrez gain, bi zelaietako lurra leundu eta pintatu dutenez, patinekin ibili nahi dutenek erabil dezakete. Estalpearen ondoan argi koadro bat ere jarri dute, ekitaldiren bat baldin bada eskura izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun