'Ertzak leuntzen' dokumentala estreinatuko dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 22a, 14:30

Ertzak leuntzen dokumentala estreinatuko du LHLko lantaldeak azaroaren 26an Leitzako Herri Aretoan, 19:00etan. Sarrera dohainik izanen da. Dokumentala Manex Moreno Uharte Leitzako 25 urteko gazteak egin du. 

LHLko Oihana Amundarainek azaldu duenez, «esanahi bikoitza» du izenburuak. Batetik, «lurreko oztopoak leuntzeari egin nahi dio erreferentzia», eta zehazki, «plazara iristeko bidearekin lotura zuzena du. Gurpil-aulkian ibiltzen den jendeak galtzada-harria leunduz plazara iristeko aukera izatea zen gure hasierako lorpenetako bat». Bestetik, «gutxiengoen ikuspegia» bildu nahi izan dute: «'ertza' hitza asko erabiltzen da periferiari erreferentzia egiteko, erdigunean ez dagoenari edo gutxiengoak bizi duenari erreferentzia egiteko. Guk erdigunean eta ertzeetan dauden pertsonen arteko mugak leundu nahi ditugu eta denok toki berean bizi garela adierazi». 

45 bat minutuko lana da eta proiektua nondik sortu zen azaltzeaz gain, badu beste helburu bat: «zer ikasi dugun adierazi eta mezu jakin bat zabaldu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun