Azaroak 25

«Kalean edo hedabideetan indarkeria matxistaz gehiago hitz egiteak ez du bere presentzia ahuldu»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 07:00

Larraitz MENDIZURI ARBELAITZ Goizuetako Emakume Taldeko kidea

«Eraso basatienek hedabideetan isla edukitzeak ez du esan nahi jendarte kontzientziatuagoan bizi garenik». Hori argitu du Larraitz Mendizuri Arbelaitzek. Hernaniarra da jaiotzez, azkeneko 14 urteotan Goizuetan bizi dena, eta 2019 amaieran Goizuetako Emakume Taldea sortu zenetik bertako kidea da. «Partekatutako zenbait kezkaren inguruan hitz egiteko eta herrikideen artean gogoeta sustatzeko hasi ginen elkartzen, eta horretan jarraitzen dugu».

Bere hitzetan, «ez dugu dirudien adina aurreratu». Indarkeria «askotarikoa» dela gogoratu du, eta gehiago ere bai: «Bere horretan dirau. Kalean edo hedabideetan gehiago hitz egiteak ez du bere presentzia ahuldu».

«Azaroaren 25a sortu zeneko aldarriak ere bere horretan» segitzen duelakoan dago. Eta horregatik uste du «egun horretan hedabideek mugimendu feministari eskaintzen diguten arreta borrokari lotzeko deia egiteko baliatu beharko genukeela. Guztiontzat bizigarriagoa den gizarte bat lortzeko bidean, guztiok daukagu zeregina».

Indarkeriaren zati handiena itzalean
Indarkeria matxistaren icebergaren gailurra ikusgarri izatea lortu dela dio Mendizurik; «eraso bortitzenak ikusi eta identifikatzera iritsi gara jasan dituztenek hitza hartu dutelako eta salatzen hasi direlako». Hala ere, «indarkeriaren zati handienak itzalean» segitzen duela azpimarratu du: «biolentzia sinbolikoa eta kulturala ez dugu ikusten edo ez diogu daukan garrantzia aitortzen. Sistemikoa den biolentzia hori, egunero jasaten dugun hori, ez ikustea esanguratsua da. Naturalizatu egin dugu eta horrek itsutu egiten gaitu erasoen aurrean».

Bide beretik, ziztadak ere indarkeria matxistarekin lotu ditu Goizuetan bizi den hernaniarrak, «dudarik gabe», gainera. Garbi du «emakumeon artean izua zabaltzea jomuga duen estrategia» dela: «Festara ateratzea eragozteko beste modu bat da. Espazio publikotik aterarazteko beste ahalegin bat».

Gizarte eredua arazo

Konbentzituta dago arazo nagusia «gizartea egituratzen duen sistema» bera dela: «Indarkeria matxista sistema kapitalistari eta heteropatriarkalari eusten dion oinarrietako bat da, botere harremanak definitzen dituen ezinbesteko elementua». Horregatik adierazi du «bizi garen gizarte ereduan bertan dagoela arazoa».

Hori konpontzeko «hezkuntza» ikusten du «ezinbesteko tresna»; «ez da bakarra izanen, baina zutabe garrantzitsua da. Hezkuntza eraldaketa mugimendu horren parte izanen garen pertsona guztioi aplikatuta. Bakoitzak beretik desikasi, ikasi eta barneratu». Aipatu duenez, «konponbidea gu geu gara. Guk gorpuztu behar dugu aldaketa».

Eta bidean, «indarkeria mota guztiak bistaratu eta ezabatzea» dira etorkizuneko erronkak bere irudiko. Onartu du «bidea luzea» dela, «baina egiten ari garela, eta horrek ere baduela bere balioa. Ez dago beste alternatibarik, beraz, lotu borrokari eta goazen aurrera».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun