Seme-alaben ongizate emozionala sustatu nahian hitzaldia antolatu dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 15a, 13:00
Nerea Mendizabalen hitzaldiko irudia. Argazkia: Felix Loiarte.

Komunikazio ez bortitzari buruz Nerea Mendizabalek urriaren 21ean eman zuen hitzaldiaren ondoren, seme-alaben ongizate emozionala izanen dute hizpide azaroaren 28an. Goizuetako hitzaldi zikloko bigarren hitzordua izanen da eta azaroaren 24a baino lehen eman beharko da izena.

Gure seme-alaben ongizate emozionala sustatuz izenburupean ariko dira Agintzari kooperatibako Kontxi Alikostes Murua eta Joana Gonzalez Fernandez. Psikologoak dira biak, adin txikikoetan eta familian adituak eta familia terapeutak.

Haurren eta nerabeen gurasoei zuzendua da eta azaroaren 28an, 17:30ean, udaletxeko ganbaran bilduko dira. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du eta Oihane Calderon Callejas gizarte zerbitzuetako prebentzio teknikariak TTIPI-TTAPAri aurreratu dionez, «batez ere eduki hauek lantzea aurreikusi» dute: «haurtzaroko eta nerabezaroko behar ebolutibo eta emozionalak, ondoez emozionalaren adierazpenak eta erantzun emozional sentikorrak eta tratu onekoak garatzeko estrategiak».

Izen ematea

Azaroaren 24a baino lehen eman beharko da izena eta horretarako bi bide daude: Goizuetako Guraso Elkarteari postaz jakinarazita (g.elkartea@hotmail.com) edo gizarte zerbitzura deituta (948 51 08 40).

Zaintza zerbitzua ere eskainiko dute eta hala nahi dutenek izena ematerakoan zehaztu beharko dute. Haurraren izen-abizenak eta telefono bat utzi beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun