Promozio mailako lau eta erdiko txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean Labriten Iker Salaberria goizuetarrak eta Julen Egiguren azpeitiarrak. Bientzat lehen txapela izanen litzateke.
Azpeitiarrak iazko promozio mailako Buruz Buruko finala galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-7) eta duela bi urteko kaiolakoa Aitor Elordiren aurka (22-5) eta goizuetarrak, berriz, aurtengo Buruz Buruko finalean Alberdiren aurka nabarmen galdu zuen (22-11). Beraz, biek dute barruan sartutako arantzatxo bat, baina bakarra izango da hura txapel batekin ateratzeko gai.
Iker Salaberriak ez dauka ahazteko jokatutako bere lehen finala. «Larunbatean udaberriko arantza atera nahiko nuke. Oso urduri irten nintzen orduan kantxara eta ez nintzen lehiatzeko gai izan.Horregatik, larunbatean galdu edo irabazi, nire jokoa atera nahiko nuke», aipatu du.
Aurrekari orekatua
Biak joko puntu onean heltzen dira finalera eta ligaxkan elkarren artean jokatutako partidan goizuetarra gailendu zen, 22-20, Labriten bertan eta horregatik oso final estua espero dute. Materiala, behintzat, ez da aitzakia izanen bietako inorentzat. «Pilota perfektuak dira, nireak agian bizkorragoak dira eta Julenenak jokatzen uzten dutenak dira», azaldu du Salaberriak.