Argia eta gasa aurrezteko tailerra, Itsasoiko dokumentala eta arrantza iraunkorrari buruzko solasaldia, kontzertua eta bertako produktuak kontsumitzeko aukera... Horiek guztiak egin dituzte aste honetan Izan burujabe zikloaren barne. Baina ekitaldiak ez dira bukatu. Gaur, ostirala, bertako produktuen pintxo-potea eginen dute Gaztañaga, Peritza, Leitzarra, Landaberri, Zirkuloa, Torrea, Txoko eta Lopenea tabernetan. Bihar, larunbata, Energia Berriztagarrien Komunitateen topaketa izanen dute eta igandean, zortzigarren aldiz, Leitzako eta Aresoko produktuen azoka eta azienda erakusketa.
Eguraldi ona baldin bada azoka Leitzako plazan eginen dute eta eguraldi txarra izanez gero, frontoian. Garaiko produktuez gain, azienda erakusketan behiak, behorrak, ardiak, ahuntzak... ikusteko aukera izanen dute igande goizean Leitzara hurbiltzen direnek.