Azaroaren 11n sanmartinak ospatzeko gogotsu daude Aranon ere

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 10a, 10:00
Talo jaterako prestatzen, 2018ko sanmartinetan. Aurten ere, taloak eta gaztainak izanen dituzte.
  • Dokumental emanaldia, talo eta gaztaina jatea eta bertso saioa antolatu dituzte
  • Aspaldiko ohiturari eutsiz, San Martin Eguna ospatuko dute aurten ere aranoarrek, eta horren bueltan, hainbat ekitaldi prestatu dituzte azaroaren 11rako.

Ostiralean 18:30ean Maisuenean pantailaratuko duten Ibaia ez da toki bat dokumentalarekin hasiko dira hitzorduak. Nagore Legarreta argazkilariak urtebete pasatu du Urumea ibaiari argazkiak egiten, eskuz eraikitako kamera estenopeikoekin. Hainbat testigantza entzunez, ibaiaren inguruko bizipenak, ikuspegiak eta emozioak biltzen ditu dokumentalak, Urumea bailarako herritarrek ibaiarekin duten erlazioa ur azaleratuz. Hain zuzen Nagore Legarreta proiektuaren sortzailea eta Beñat Iturrioz dokumentalaren zuzendaria Maisuenean izanen dira.

Dokumentalaren ondoren, 20:00etan talo eta gaztaina jatea eginen dute eta jarraian bertso saioa hasiko da. Txapelketa Nagusian parte hartzen ari diren bertsolariekin osatu dute bertso entrenamendu komentatua: Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Eñaut Martikorena, Agin Laburu eta Joanes Illarregi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun