Zuhaitz mugarroei buruzko jardunaldia azaroaren 10ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 7a, 18:00

2011n egin zen jardunaldiko irudia.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Leitzan. Hainbat adituk hartuko dute parte, tartean, 2007ko mugarratzeetan ibili zen Helen Readek.

Duela hamabost urte mugarratu zituzten zuhaitzen egoera aztertzeko eta gaiaz gogoeta egiteko jardunaldia antolatu du Bioma Forestal elkarteak, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin eta hainbat entitateren laguntzarekin. Azaroaren 10ean, ostegunean egin dute hitzordua.

08:30ean plazan elkartu eta Leitzalarreko Urkizu parajera igoko dira. Eguraldi txarra baldin bada, ordea, herrian eginen dute. Lau zatitan banatuko dute jardunaldia. Alde batetik, gaian adituak diren Helen Read eta Vikki Bengtssonek hitzaldia emanen dute. Aipatu behar da Read 2007an ere Leitzan izan zela. Miel M. Elosegi Luzek Ttipi-Ttapari kontatu dionez, «Europako aditu handienetarikoa da eta berak eta, besteak beste, Ingalaterrako ikerlariek osatutako zuhaitz mugarroen lantaldeak Leitzan zuhaitz mordoxka mugarratu zituzten». Hain zuzen, Elosegik eta Gabriel Saralegik ere hitza hartuko dute, zuhaitz horiek mantentzeko beharrari eutsi dioten bi herritarrek.

Zuhaitz mugarroen kimaketan aditua den Samuel Alvarezek segurtasun eta kimaketa teknikak azalduko ditu arbola batean. Saralegik, berriz, aizkorarekin mozteko teknika tradizionalak esplikatuko ditu.

Azken hamabost urteotan landutako zuhaitzak ere bertatik bertara ikusiko dituzte, eta azalpenak emanen dituzte. Elosegi eta Oscar Schwendtner zuhaitzen inguruko aniztasun biologikoa zaintzeaz ariko dira. Jardunaldia borobiltzeko, parte hartzaileen artean eztabaida irekia eginen dute zuhaitz mota hauen kudeaketa egokiaz.

Izen ematea Jardunaldia arbolazainentzat, basozainentzat eta parkeetako zuhaitzekin lan egiten dutenentzat da, eta azaroaren 4an bukatu zen izena emateko epea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun