Arkiskil futbol zelaiko gabeziak eta beharrak azaldu dizkiete Leitzako Udaleko eta Aurrerako ordezkariek parlamentariei

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 27a, 14:00

Leitzako Udalak eta Aurrera Kirol Elkarteak futbol zelaia berritu ahal izateko laguntza eskatu diote Nafarroako Parlamentuari. Besteak beste, orain zelaiak duen belar naturala artifizialarekin ordezkatzea nahi dute. Atzo parlamentuko Kultura eta Kirol Batzordeko ordezkariak Arkiskil futbol zelaian izan ziren futbol zelaiaren egoera bertatik bertara ikusteko.

Zehazki Mikel Zabaleta Leitzako alkatea, Karlos Agirre Aurrera elkarteko lehendakaria, Eneko Andueza Leitzako udaleko kirol zinegotzia, Miren Latasa Anikote kiroldegiko kudeatzailea, David Delgado, Elias Alonso eta Jabier Aranburu Aurrera futbol batzordeko kideak, Gorka Galan Nafarroako Futbol Federazioko zuzendari estrategikoa, Teresa Iñigo aipatu federazioko idazkaria eta Patricia Perales (EH Bildu), Ana Ansa (Geroa Bai), Arantza Biurrun (PSN) eta Raquel Garbayo (Navarra Suma) parlamentariak bildu ziren atzo Leitzako futbol zelaian.

Guztiek ikusi zuten 1999an eraikitako futbol zelaiak gaur egun duen egoera zein den. Indarrean den araudira egokitzeko hainbat lan egiteko beharra du, baita herriko beharrei erantzutekoa ere. Mikel Zabaleta alkateak azaldu zuenez, belar naturalaren partez artifiziala edo sintetikoa jarri nahi dute, eta dorreetako argiak led sistemakoak izatea nahi dute zelaiko argiztapena hobetzeko eta argiaren gastua murrizteko. Aldagelak ere berritu nahi dituzte, eta inguruko baranda egokitu, araudia betetzeko. «600.000 euroko inbertsioa izanen litzateke, eta Leitzako Udalak, berak bakarrik, ezin du bere gain hartu».

Aurrerako David Delgadok, berriz, «txikien futbola indartzeko joan den urtean martxan jarri genuen proiektuari esker, berritzeko beharra handitu» dela aipatu zuen: «Gaztetxo asko futbolean jokatzera beste herrietara joaten zirela konturatu ginen, eta horrekin batera, emakumezkoen futbolak nabarmen hazi zela. Egoera hobetzearen aldeko apustua egin genuen eta futboleko batzordea sortzea erabaki genuen».

Proiektuak «fruituak eman» dituela gaineratu zuen eta horren erakusle datuak azaldu zituen: «2022/2023 denboraldian hamabi talde osatu ditugu, bost talde federatu futbol zelai handian, hiru areto futbolean eta lau hastapeneko taldeekin. Guztira 205 jokalari dira, eta horietatik 60 neskak». Hala, «gaur egungo instalazioekin eta azpiegiturekin behar horri erantzutea ezinezkoa» dela aipatu zuen Delgadok. Horrekin batera, Leitza toki euritsua denez, «askotan belar naturaleko zelaia ezin izaten dela erabili» adierazi zuen, eta horren faltan, entrenamenduetarako beste tokiak bilatu behar izaten dituztela: «kiroldegia edo eskolako patioa dira tokirik erabilienak. Gisa horretara, eremu horien erabilera erabat baldintzatua gelditzen da, ordurik gehienak futbolean jokatzeko hartzen baitira. Horrek asko mugatzen du beste jarduerak egiteko aukera».

Udalak esku artean duen proiektuarekin «hainbat kategoriatako erabiltzaile gehiago» izatea nahi dute, eta aldi berean «emakumezkoen futbolari ateak ireki» nahi dizkiote, baita «gaur egun futbol taldeek erabiltzen dituzten beste espazioen erabilera arindu» ere. Bide batez, «futbol zelaiaren egoera txarragatik partidak bertan behera uztea saihestu» eta, nola ez, «herriko kirol errealitatearekin bat datorren instalazioak lortzea» dute begiz joa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun