Aranoko Gaztazenea oso-osorik erre da bart gauean

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 26a, 12:15

Bart arratsean goiko herrian dagoen Gaztazenea oso-osorik erre da. Zorionez, han bizi zen familiak ez du kalte pertsonalik izan baina suak etxeko paretak baino ez ditu utzi. Gau osoan aritu dira itzaltze lanetan Goizuetako suhiltzaileak eta baita Donostiako eta Cordovillako parkeetatik etorritako suhiltzaileak ere. Joxan Ruizek, Aranoko alkateak, esan digunez, «Ukrainatik etorritako familiak laguntzen hartu zuten esperientzia eta dinamika» baliatuko dute orain etxerik gabe gelditu den familia laguntzeko.


Suhiltzaile taldea gelditu da zaintzen

Suak etxe osoa erre du eta egurrezko egitura zuenez, oraindik egunez ere kea ateratzen da etxeko hondakinen artetik. Ustekabeak saiheste aldera, suhiltzaile taldea gelditu da zaintzen.

Laguntza emateko esperientzia dute aranoarrek

Joxan Ruizek, Aranoko alkateak, esan digunez, orain «kaltetutako familiarekin hitz egin eta zer behar duten jakitea da» lehenbiziko gauza. Zentzu horretan, Ukrainatik etorritako familiei harrera egin zietenean hartutako esperientzia «oso ondo etorriko zaigu oraingo honetan», orduan «herria ederki aktibatu baitzen eta esperientzia hartatik asko ikasi genuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun