Konpainia energetiko handietako «arduradunen harropuzkeria, elkartasun falta eta diruzalekeria» kritikatu ditu Leitzako Sortuk ohar bidez, «haien asmo bakarra dirua egitea» dela esanez. «Pobretu egin gaituzte, inozo deitu digute eta ez dute lotsarik esateko ez daudela prest zerga gehiago ordaintzeko».
Bizitza, eta «batez ere energia» zenbat igo den gogoratu du. Eta horri lotuta gutxi batzuek irabaziak aipatu dituzte: «Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak 4,24 milioi euro irabazi zituen iaz (egunean 11.600 euro) . Eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak 13,2 milioi (egunean 36.160 euro). Ankerra baino ankerragoa da gutxi batzuek gero eta gehiago pilatzen duten bitartean, gehienek gero eta gutxiago izatea».
Leitzako Sorturen hitzetan, «kapitalismo basati honek ekarri gaitu amildegira. Beste hamaika krisirekin batera eragin ditu energia eta klima krisia». Horregatik, «krisia kapitalak ordaintzeko» exijitu du: «Krisia herritarron poltsiko eta errentetatik ordaintzen jarraitu behar badugu, ondorioa jakina da, pobretze prozesua areagotzea. Horren lekuko nafarron % 5,5ek, 20.000 nafarrek, alegia, pobrezia energetikoan eginen diote aurre neguari».
«Jokoan asko dagoela» iritzita «errotikako aldaketa» eskatu du, «energia trantsizio justua eta demokratikoa», eta horrekin batera, «energia sektorean berehala esku hartu» behar delakoan dago, «herritarrek eta enpresa txiki eta ertainek energiagatik prezio justua ordaintzeko, gutxi batzuek denon kontura negozioa egitea galarazteko, berriztagarrietan oinarritzeko, CO2 isuriak gelditzeko eta oligopolio handiek nuklearra eta gasa bezalako energiak berdez ez margotzeko».
Bestalde, energia burujabetzaren alde agertu da, «hemen ekoiztea hemen behar dugun energia». Gaur-gaurkoz «energia inportatzaile hutsak» garela adierazi du eta datuak eman ditu horrek erakusle: «EAEn %90 kanpotik ekartzen dugu; Nafarroan, %79. Menpekotasun horrek gure herria zaurgarri egiten du, orain ikusten ari garen bezala».
Hala, oligopolioen interesetatik at, «gure energia beharrak planifikatu eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren alde borrokatzeko» deia egin du Leitzako Sortuk, besteak beste, «burujabetza energetikoaren eta independentziaren aldeko olatua» altxatzeko deia. Azkenik, bi hitzordu ere aipatu ditu: azaroaren 5ean Leitzan eginen duten Mendialdeko Independentzia Eguna eta azaroaren 12an EH Bilduk deituta Bilbon eginen duten manifestazioa.