Goizuetako Udalak jakinarazi duenez, helburua 16 etxebizitza eraikitzea da, «herritarrei egindako inkestetatik ateratako beharrei eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari erantzunez». Zehazki zortzi etxebizitza libre lorategidun bi familiako lau eraikinetan elkartuta eta dentsitate baxuko blokean eraikitako babes ofizialeko zortzi etxebizitza izanen dira.
Udalaren hitzetan, etxebizitza horiek eraikitzeko «beharrezkoa da hirigintza proiektua aldatzeko prozesu parte hartzailea martxan jartzea» eta astelehenean, urriaren 24an, 18:30ean, Goizuetako Udaletxean eginen duten batzar irekian partaidetza planaren nondik norakoak azalduko dituzte: helburuak, epeak, prozedurak, indarrean dagoen udal plangintza eta izan duen irismena. Horrez gain, proposamen berrien eta helburuen berri ere emanen dute.
Interesatuta dauden herritar guztiei egin diete asteleheneko batzarrera joateko deia. «Proposamenaren inguruan egiten dituzten galderei erantzun teknikoa» emanen dietela argitu du udalak, «modu errazean denek ulertu ahal izateko». Horrez gain, bileran egiten diren «proposamen eta iradokizun guztiak jasoko» dituztela gaineratu dute.
Bilera egin ondoren, hogei egun balioduneko epea irekiko dute, hau da, 2022ko urriaren 25etik azaroaren 22ra, «aztertutako dokumentuaren inguruko proposamenak eta iradokizunak aurkezteko».