Mendialdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren zirriborroa aurkeztuko dute asteartean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 22a, 08:00

Mendialdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren aurkezpen publikoa urte amaieran egin nahi dute, eta hori baino lehen, herritarren ekarpenak jasotzeko foro irekia eginen dute datorren asteartean, urriaren 25ean, Leitzako Herri Aretoan. Parte hartzeko izena eman behar da.

Planaren talde eragilea Cederna Garalurrek, Plazaola Partzuergo Turistikoak eta eskualdeko hamaika udalek osatzen dute: Arano, Goizueta, Leitza, Areso, Araitz, Betelu, Lekunberri, Larraun, Imotz eta Basaburuak. Eta hain zuzen, hurrengo hiru urteetan eskualde horren garapen ekonomikorako bide orria izanen da plana. Bost sektore ekonomiko aukeratu dituzte ekintza plana diseinatzeko: elikadura osasuntsua eta jasangarria, energia berdearen industria, industria orokorrean, turismo jasangarria eta merkataritza eta ostalaritza.

Planaren diseinua parte hartze prozesu baten bidez egiten ari dira, eta horretarako eskualdeko eragile adierazgarrienekin 35 elkarrizketa eta bederatzi lan saio baino gehiago egin dituzte. Orain arte egindako lanarekin zirriborroa osatu dute eta eskualdeko herritarrekin partekatuko dute astearteko saioan.  17:00etatik 19:00etara izanen da.

Izen ematea

Foroan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da, mendialdea@cederna.es helbidera idatzita edo telefonoz 606 40 86 14ra deituta. Lotura honetan ere apunta daiteke.

Cederna Galurrek aurreratu duenez, «ahalik eta parte hartze handienekoa izatea» nahi dute, «Mendialdean nahi dugun etorkizuna denon artean sortzeko ilusioa baitugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun