Azken pilotakadak ere Leitzako plazan eman ditu Oinatz Bengoetxeak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 17a, 10:00

Ongi merezitako omenaldia jaso zuen larunbatean, hainbat eta hainbat lagun bildu zituen agurrean.

Argazkiak: Leitzako Udala

Ia hogei urtez profesionaletan eta azken urtean hango eta hemengo pilotalekuetan agurreko partidak jokatu ondotik, pilotari azken agurra eman zion Oinatz Bengoetxea leitzarrak larunbatean Leitzako pilota plazan. Jendez gainezka egon zen Oinatzen lehen pilotakadak ikusi zituen Leitzako plaza eta azken pilotakadak ere bertan eman zituen.

Hainbat herritar eta lagun bildu zen larunbatean, baita Bengoetxearekin pilotan aritutako hainbat pilotari ere: Juan Martinez de Irujo, Asier Olaizola, Abel Barriola, Xala… Aurrera pilota eskolako ikasleek pilota partidak jokatu zituzten eta, ondotik, Oinatz Bengoetxeak bere azken partida jokatu zuen. Asier Garcia lehengusua eta urtetan botillero izan duena izan zuen lagun eta Xala eta Abel Barriola arerio. Azkenean, Bengoetxea eta Garcia nagusitu ziren, 25-23. Azken sakea egiterakoan txalo zaparrada handia eta pilota lagunen besarkada jaso zuen Bengoetxeak. Partidaren ondotik, Aurrerako pilota eskolako ikasleek egindako pasabidetik ibili zen Bengoetxea. Antolatzaileen eskutitza, aurreskua eta beste hainbat opari izan zituen. Txaranga kalejiran ibili zen eta 800 lagun bildu ziren plazan bertan egindako herri bazkarian.

Hiru txapel handiak irabazi dituen pilotari bakanetakoa da Oinatz Bengoetxea. Buruz burukoa irabazi zuen 2008an eta 2017an, lau eta erdikoa 2016an eta binakakoa, Untoriarekin batera, 2015ean.

Aurrera elkarteko pilota batzordeak bideo hauxe prestatu zuen omenaldirako:

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun