'Kaskarot' familia ikuskizun musikatua ikusgai igande honetan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 7a, 16:00

Atx Teatroa antzerki konpainiaren emanaldia igandean, urriaren 9an, Leitzako Herri Aretoan izanen da, 18:00etan. Sarrerak online bost eurotan eta igandean bertan 30 minutu aurretik leihatilan sei eurotan eros daitezke.

Agure batek istorio bat kontatuko du. Aner gizarte distopiko batean bizi da, non dantzatzea debekatuta dagoen. Anerri izugarri gustatzen zaio dantza egitea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren 'alter egoa' da. Bere argitasun eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten. Horixe da antzerkiaren mamia.

Gartxot Unsain Letonak idatzitako testutik abiatuz, Atx Teatroaren zuzendaritzapean Natxo Montero, Maryse Urruty eta Jon Koldo Vazquez ariko dira taula gainean, Gartxoten musikaz eta umoreaz lagunduta.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun