Tokiko eta inguruko hazien bilduma sortzeko proiektua abiatu dute Leitzako liburutegian

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 17:00

Hazien Liburutegia. Kultur Asaldura. Horixe da Leitzako liburutegian martxan jarri duten proiektua. Liburutegia hazien liburutegi ttiki bat bihurtu dute eta hazien trukea eta mantentzea kudeatuko dute. Gisa honetara, «landa mundua, tokiko nekazaritza iraunkorra eta nekazaritza intentsibotik urrun dagoen kontsumo eta bizi eredua bultzatu» nahi dituzte.

Nafarroako Liburutegien Sareak eta Nafarroako Hazi Sareak hasi dute proiektu honen bidea, INTIA, CITA (Aragoiko ikerketa agroekologia zentroa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera. Nafarroako beste liburutegi publikoetan ere martxan dute eta joan den ostegunean Leitzako liburutegian egindako aurkezpenean jarri zuten Leitzakoa abian.

Elena Arteta Leitzako liburuzainak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «denon artean, modu komunitarioan, tokiko eta inguruko hazien bilduma sortzen saiatuko gara, hazi horiek berreskuratzeko, mantentzeko eta ugaltzeko asmoz». Gaineratu duenez, «interesa duen edozein pertsona joan daiteke liburutegira tokiko edo intereseko haziak eramatera edo uztera». Eskatzen duten bakarra «landu eta jaso ondoren haziak itzultzea» da, hartara, «bildumari eusteko, eta ahalik eta modu ekologikoenean lantzeko».

Honekin batera, tailerra, hitzaldiak eta topaketak egiteko asmoa dute. Horietako bat da Ahaztutako Ahotsen Hiztegia mintegia, «eskualde bakoitzeko hitzak, esaerak, kantak... bildu eta liburutegiak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera sortzen ari diren blog batean jasotzeko».

Proiektu honi lotuta, «gerora begira, hazien zaindari» izateko norbait nahi dute. Oraingoz, ordea, Leitzako liburuzaina izanen da arduraduna eta «ongi ateraz gero, liburutegiko beste zerbitzu bat bihurtuko da. Landa eremuari balioa eta protagonismoa ematea da kontua». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun