Giro ederrean ospatu dute Aurrera Eguna Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 15:30

Eguraldi onarekin ospatu zuten larunbatean XIV. Aurrera Eguna Leitzan. Egun osoko pesta izan zuten, eta Aurrera elkarteak «oso balorazio positiboa» egin du: «parte hartze zabala izan zen antolatutako ekitaldietan».
Argazkiak: Julian Zabaleta.

Goizean goizetik hasi ziren ekitaldiak, txistularien dianarekin, eta hortik aurrera izan ziren ekitaldietan jendea ibili zen: ginkanan, futbolean, pilotan, dantzarien saioan... Eguerdian konpartsarekin kalejira egin zuten eta gero, 120-130 bat lagun elkartu ziren Karrapen egindako bazkideen bazkarian. Bazkalondoan bazkideek Ingurutxoa dantzatu zuten eta ondoren, konpartsarekin kalejira egin zuten berriz.

Iluntzean luntxa eman zuten Aurrera elkartearen aurrean eta Joxe Mendizabal musikaria arduratu zen giroa alaitzeaz. Gauean elkartean luzatu zen pesta askorentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun