Egun osoko pestarekin ospatu dute Areson Nazabal eskolaren 100. urteurrena

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 3a, 11:00

Nazabal eskolak betetako ehun urteak bezain borobila izan zen Areson larunbatean ospatu zuten pesta. Goizeko hamaiketan ezkil hotsekin hasi eta erromeria doinuekin bukatu zuten eguna. Non gozatua izan zuten herritarrek; bertsoak, garai bateko irakasleen bisita, antzerkia, eskolan ate-irekiak, bazkaria, musika, jolasak… eta batez ere, memoria dantzan jartzeko aukera izan zuten.

Pestarako apropos konpondutako ezkilak joz hasi zuten festa. Ordurako jendetza bildua zen eskola atarian. Ezkilen azpian dagoen horma-irudia ere txukundu dute eta argi ikus liteke orain nori esker duten herrian eskola. Bertan Domingo Nazabal ageri da eta irudiaren azpian dago idatzia: Ikastol abec egin dizkigun Nazabal Leicegoyenatar Domingo jaunari gaur eta beti zorr diyozka esker ugarriyak Aresoko erriyak eta beñere etzayo aztu bear mesede au 1922. Urtetan erdi ezkutuan egon dena azalera atera eta merezitako aitortza egin nahi izan diote horrela.

Eskolako haurrek abestutako bertsoetan ere gogoan izan zuten Domingo Nazabal, baita Udalak egindako aurkezpenean ere. Hitzordura gonbidatu zituzten bi irakaslek hartu zuten hitza gero: Maria Jesus Zabaletak eta Mertxe Amondarainek. Frankismo garaiko irakaslea bata, eskolan euskaraz irakasten hasi zirenekoa bestea. Adi entzun zituzten bertaratutakoek beraien bizipenak.

Eskolako haurrek prestatutako antzerkiaren txanda izan zen segidan eta eskolaren historia errepasatu zuten denen artean. Gero, eskolako ateak ireki zituzten eta nahi zuenak bisitatzeko aukera izan zuen. Garai bateko ikasgela bat ere irudikatu zuten eta bistakoa zen zenbat aldatu diren gauzak.

Ordubata aldera, fanfarreak girotuta, plazarako bidea hartu zuten eta herritarrek emandako materialarekin osatutako erakusketa zuten bertan ikusgai. Garai bateko argazkiak, liburuak, jokoak… bildu zituzten. Herri bazkaria izan zuten gero eta bazkalondoko kontuak bukatuta, batukada eta bideo emanaldia. Bokadutxoa jan eta Bide Batez erromeria taldearekin dantzan bukatu zuten mendeurren pesta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun