Usoa OSTOLAZA

«Lehiarako motibazioa joaten zaidanean ere berdin-berdin eginen dut kirola»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 2a, 10:00
Laboral Kutxa txirrindularitza taldearekin bigarren denboraldia egin du Ostolazak. Argazkia: Markel Bazanbide (Laboral Kutxa)

Usoa OSTOLAZA ZABALA, Laboral Kutxako txirrindularia

Txikitatik kirolaria da Leitzan bizi den zarauztarra. Urte asko eman ditu lehian, besteak beste, atletismoan, igeriketan, surfean eta triatloian. Gaur egun, Laboral Kutxako txirrindularia da

Igeriketa, atletismoa, surfa, txirrindularitza... Txiki-txikitatik lotura estua izan du Usoa Ostolaza Zabalak (Zarautz, 1998)  kirolarekin. Igeriketan eta atletismoan hasi zen aurrena, eta horiek utzi gabe, surfean ibili zen gero, guztietan lehian. Hala ere, urte luzez triatloia izan da bere kirol kuttuna, eta gurasoak izan ditu horretan erreferente. 2020an utzi zuen triatloia, halabeharrez, eta geroztik, txirrindularitzan dabil buru-belarri. «Uste baino gehiago gustatu» zaiola dio, eta horretan egin nahi du orain bidea, «aukera politak» sortu zaizkiolako eta gozatzen ari delako. Etorkizunean triatloira bueltatzeko asmoa, ordea, ez du burutik kendu.  Joan den urtetik Leitza du bizileku zarauztarrak, eta dioenez, «kirolaren aldetik Leitzara etortzean ez dit aldatu egunerokoa». Gustura dago. 

24 urte besterik ez eta kirol ibilbide polita osatzen ari zara. Haurtzarotik kirolari lotuta? 

Bai, txiki-txikitatik nabil kirolari lotuta. Aurrenean igeriketan hasi nintzen eta gero atletismoan, bi kirolak nahiko txikitatik egin ditut. Nire gurasoek, bai aitak eta bai amak, biak triatloietan ibiltzen dira, eta eredu horri jarraituz deseatzen egoten nintzen 14 urte bete eta trialtoian federatzeko. Ordura arte triatloi txiki batzuk egiteko aukera izan nuen, baina ezin nuen federatuta lehiatu, eta 14 urterekin aukera izan nuenean, triatloietan gero eta serioago hasi nintzen, triatloiak eta duatloiak eginez. Horrez gain, 9-10 urtetatik 15-16 urtetara, surfean ere lehian ibili nintzen. Atletismoan 18-20 urtera arte jarraitu nuen, krosetan parte hartuz, triatloiak prestatzeko helburuarekin. Nire lehentasuna triatloia zen. 

2020ra arte aritu zinen triatloian. Nolako oroitzapenak dituzu? 

Oso onak. Lasterketa bat baino gehiago egin nituen aitarekin eta amarekin, bakoitza bere erritmoan baina lasterketa berean, eta oso oroitzapen onak dauzkat. Gaur egun gero eta emakume eta gazte gehiago ikusten dira triatloietan, baina ni hasi nintzenean, 20 urtetik beherako neska-mutilak oso gutxi ziren. Garai hartan ez zegoen triatloi eskolarik, eta 14 urteko ume bati ez zaio okurritzen triatloian ibiltzea, orduan ez behintzat. Nire kasuan gurasoak mundu horretan nituen, beraiek ziren nire erreferente, eta horrela sartu nintzen. Gaur egun, triatloi eskolak daude, eredu gehiago daude, eta umeek txikitatik hartzen dute bide hori.  

Zein bide egin zenuen? 

Distantziaren arabera, lau modalitate daude triatloian. Distantzia motzena esprinta da. Modalitate horretan hasi nintzen 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. 16 urterekin nire aurreneko olinpikoa egin nuen, 1,5 kilometro igeri, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika. Handik aurrera distantzia olinpikoa eta esprinta uztartzen hasi nintzen. 19 urterekin lehenengo half triatloia egin nuen, ironman erdia: 1,9 kilometro igeri, 90 kilometro bizikletan eta 21,1 kilometro korrika. Distantzia hori asko gustatu zitzaidan eta horretan zentratu nintzen. Serioago hasi nintzen, baina gero dena aldatzen hasi zen... 

Baduzu gogoan gelditu zaizun momenturen bat? 

Asko. 2019an, Nizan (Frantzia), jokatu zen Ironman erdiko munduko txapelketara sailkatu nintzen eta hori berezia izan zen [18 eta 24 urtekoen mailan brontzezko domina lortu zuen]. Lasterketa asko izan dira bereziak. Baina badut bat zintzilik, Zarauzko triatloia. 20 urte behar dira parte hartzeko, eta horren zain nengoen, baina orduan hasi zen dena konplikatzen.

Ostolaza Mutrikuko triatloian igeriketa probatik ateratzen. Argazkia: Mutrikuko Triatloia.

Konfinamendua etorri zen eta horrekin batera, lesioengatik triatloia utzi behar izan zenuen... 

2019ko munduko txapelketan ezkerreko sorbaldako mina sumatzen nuen. Denboraldi hura minez egin nuen, eta traumatologoari sorbaldako labrum kartilagoa hautsia nuela iruditu zitzaion. Ez zuen ondo ziurtatu, baina zuzenean ebakuntza gelara bidali ninduen. Han konturatu ziren ez neukala hautsia, bizeps luzeko tendoia zela degeneratua nuena. Sorbaldatik ebakuntza egin eta tendoi hori moztu zidaten. Ebakuntza ondorengoa konplikatu egin zen. Fisioterapeuta naiz lanbidez, eta lanean sorbalda behartu eta gainera igerian entrenatzen jarraitzen nuen. Horrela jarraitu nuen denbora luzez, igeriketa lasaiago hartu beharko nuela eta urte hartan triatloirik ezin izanen nuela egin konturatu nintzen arte. 

Kolpe gogorra izan zen? 

Bai, bai. Lesioarekin oso-oso gaizki pasatu nuen. Triatloia ez nuen utzi nahi, asko gustatzen zitzaidan eta momentu hura oso gogorra izan zen.

Eta bizikletarekin hasi zinen... 

Txirrindularitza probatzearen arrazoia sorbaldako ebakuntza izan zen, baina aldi berean, banuen gogoa. Atletismoan eta igeriketan lehian ibilitakoa nintzen, baina txirrindularitzan ez eta uste baino gehiago gustatu zitzaidan. Hiru lasterketa egin nituen Zarauzko txirrindularitza taldearekin eta denboraldi bukaeran Laboral Kutxak deitu zidan, hurrengo denboraldian beraiekin hasteko proposatuz. Baiezkoa esan nien. 2021ean, nire asmoa triatloia eta txirrindularitza uztartzea zen. Lehentasunak triatloia izaten jarraitzen zuen eta txirrindularitzan ibiltzea triatloiko entrenamenduetarako ongi etorriko zitzaidala ikusten nuen. Baina sorbaldak gaizki jarraitzen zuen eta eskuineko orkatilan hezur-edema bat eduki nuen. Horrek ez zidan korrika ongi egiten uzten. Ez igeri, ez korrika... Bizikletari heldu nion, eta bizikletak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen nire bizitzan. Aurten erabat bizikletan ibili naiz eta hurrengo urtean ere hala eginen dut. Onartu behar dut hasieran beste aukerarik ez neukalako hasi nintzela, baina gero eta gehiago gustatzen zait. Aukera politak sortzen ari zaizkit, eta orain gero eta gehiago hobetu nahi dudalako jarraitzen dut. Momentuz sorbalda eta hanka hobeto dauzkat, baina ez naiz igerian ibiltzen. 

«Egunerokotasunean kirola egiten jarraitzen dut eta berdin-berdin gozatzen dut»

Txirrindularitzak kirolaz berdin-berdin gozatzeko aukera ematen dizu? 

Bai. Triatloia eta txirrindularitza oso ezberdinak dira. Triatloia bakarkako kirola da, eta txirrindularitza taldekakoa. Batzuetan besteentzat lan egitea tokatzen da, eta besteetan zuretzat. Talde lana da. Horrek asko betetzen nau. Baina batean edo bestean, egunerokotasunean kirola egiten jarraitzen dut eta berdin-berdin gozatzen dut.

Hasieratik, goi mailako txirrindularitza probatan ari zara. Nola ikusten duzu zeure burua? 

Hasieran dezente kosta zitzaidan eta oraindik ere kostatzen zait pelotoian ibiltzea. Oso hurbil ibiltzen gara, tartean erorketak izaten dira eta hori izan da gehien kosta zaidala. Baina munduko txirrindulari onenena artean lehiatzeko aukera izatea, lasterketa ezagun askotan parte hartzea, Euskal Herriko Itzulian bertako jendearen babesa jasotzea... Esperientzia ederra izaten ari da.  Gero eta gehiago egokitzen ari naiz, baina nire bigarren urtea da eta oraindik asko dut ikasteko.

Itzuliko arantza hor gelditu zaizu? 

Lehenengo etapa bakarrik egin nuen. Gaizki sentitzen hasi nintzen, arnasa ezin hartuz, eztulka... Bukaeran testa egin nuenean positibo eman nuen eta ezin izan nuen hurrengo etapatan atera. Kristoren pena hartu nuen, oso lasterketa berezia baita, maila haundikoa eta etxeko errepideetan. Ea hurrengo urtean badugun aukera.

Abuztuan El Carmen proba irabazi zenuen, zure lehen garaipena... 

Larrabasterran (Bizkaia) izan zen, Torneo Euskaldunerako puntuagarria. Nire lehen garaipena izan zen eta oso pozik gelditu nintzen. Ez nuen espero eta horrek ilusio berezia egiten du entrenatzen jarraitzeko.  

Nola laburbilduko zenuke aurtengo denboraldia? 

Lehengo urtetik aurrerapausoa ematen ari naizela ikusten dut: pelotoian joaterakoan, teknikoki... Talde bezala, iaz baino maila dezente haundiagoa dugula iruditzen zait. Funtzionamendu aldetik ere hobekuntza ikusten dut, estrategia aldatzen ari da eta gero eta hobeto ari gara. Bide horretan jarraitu behar dugu.

Distantzia erdiko Espainiako duatloi txapelketako helmugan. Argazkia: Ion Zugasti.

Bi urtez lasterka ibili gabe egon ondoren, iaz Espainiako duatloi txapelketa irabazi zenuen... 

Txirrindularitzako denboraldia bukatzen ari zela, korrika probatzen hasi nintzen eta distantzia erdiko Espainiako duatloi txapelketa egitekoa zela enteratu nintzen. Ez nuen aukera haundirik, irailean hasi nintzen korrika eta bi hilabete eskas nituen prestatzeko. Baina parte hartu eta irabazi nuen. Oso pozik gelditu nintzen. Lehen aipatu dudan Nizako triatloi probarekin batera, hori ere  lasterketa berezia da.

Hiru kirolen artean, zein aukeratuko zenuke? 

Bizikleta edo korrika. Bien artean zalantza haundia edukiko nuke, baina bat aukeratzekotan igual bizikleta hartuko nuke. Igeriketa ez, hori seguru. 

Gaur egun nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Bizikletan egunero ibiltzen naiz. Oso egun jakinetan hartzen dut deskantsu, eta normalean, deskantsu aktiboa izaten da, hau da, ordu eta erdiko saioa, arrabolean hankak askatu. Tarteka gimnasio saioaren bat ere egiten dut, mugikortasun ariketak, core ariketak... Zarautzen ari naiz lanean, eta lanegunetan denbora justuagoarekin ibiltzen naiz entrenatzeko, eta entrenamenduetatik errekuperatzea gehiago kostatzen zait. Baina asteburuetan eta jai daukatenean saio luzeagoak eta gogorragoak egitea gustatzen zait.

Zenbateko entrenamenduak? 

Saiorik luzeena sei ordu eta pikokoa izanen da. Normalean, egun luzeetan, lauzpabost orduz ibiltzen naiz eta bestela, bi ordu eta erdi edo hiru orduko entrenamenduak izaten dira. 

2023ra begira zein erronka dituzu? 

Laboral Kutxan jarraituko dut eta taldeak haziz eta lasterketa garrantzitsuagoak eginez jarraitu nahi du, gero eta txirrindulari hobeak ekarriz. Etorkizun hurbilean taldearen helburu nagusia World Tour mailara igotzea da. Horretarako puntuak behar dira eta lan asko egin behar da. Denok saiatu beharko dugu goraka egiten.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua? 

Txirrindularitzan nire onena ematen saiatu nahi dut, ea nora ailegatzen naizen. Taldea World Tourrera igotzean hor egotea gustatuko litzaidake. Baina gerora, triatloian distantzia luzean parte hartuko nahiko nuke. Triatloian distantzia luzean 30 urtetik aurrera lortzen dira emaitzarik onenak. Trialtoian ez bezala, txirrindularitzan adina garrantzitsua da. Txirrindularitzan 30 urtetik gora oso zaila da talde batean sartzea. Hortaz, orain txirrindularitzan jarraitzeko momentua dela iruditzen zait eta hor jarraitu ezin dudanean edo nahikoa dudala erabakitzen dudanean, triatloia hor izanen dut.

«Orain txirrindularitzan jarraitzeko momentua da, eta hor jarraitu ezin dudanean edo nahikoa dudala erabakitzen dudanean, triatloia hor izanen dut»

Kirola beharrezkoa duzu bizitzan? 

Bai, bai. Egunen batean ez dut lehiarako motibaziorik izanen, baina berdin-berdin jarraituko dut kirola egiten. Mentalki, osasun aldetik, umore aldetik... Niretzat oso beharrezkoa da kirola. 

Eta lehiak zer ematen dizu? 

Egunerokoan entrenatzen jarraitzeko motibazioa lehiak ematen dit. Lehiatu gabe ere motibazioa izaten dut, baina helburuak jarrita dauzkazunean bestelako indarrarekin eta gogoarekin entrenatzen zara. Helburuak betetzerakoan sentitzen den poztasunak ez du preziorik.

Kiroletik bizitzea posible da? 

Igual txirrindularitzan triatloian baino errazagoa da, txirrindularitzan diru gehiago dagoelako. Gainera, azken urte hauetan, emakumeen kirola goraka doa. Telebistan agertzeak asko laguntzen du eta jende gehiago etortzen da ikustera. Horrela lortuko dugu egoera onean bizi ahal izatea. Bazen garaia.

Usoa Ostolazarekin labur-labur

  • Entrenatu bakarrik edo taldean? Taldean.
  • Zeure burua hitz gutxitan... Konstantea, saiatua eta burugogorra. 
  • Kiroletik kanpo zein dira zure afizioak? Lagunekin egunpasa egitea, itsasoan surfa egitea, mendian txakurrarekin egunpasa egitea, irakurtzea, zinemara joatea... Denetarik pixka bat.
  • Bizitzeko toki bat? Orain Leitzan oso gustura nago eta Leitza.
  • Leitzako txokorik gustukoena? Eguzkizko muinoa.
  • Maniarik lehiatu aurretik? Ez. Detaile txikiekin maniatikoa naiz, baina lehiatu aurretik ez. 
  • Zarauzko hondartza ala Leitzako mendiak? Zarauzko hondartza.
  • Kirolari bat? Ainhoa Murua.
  • Liburu bat? Lagun izoztua.
  • Musika talde bat? Hertzainak.
  • Pelikula bat? Bohemian Rhapsody.
  • Nora bidaiatuko zenuke? Islandiara.
  • Amets bat? Furgoneta batekin munduan barrena bidaiatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun