Aresoko eskolaren mendeurren pesta ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 29a, 18:00
1960an Aresoko eskolan ibili ziren neskak.

Nazabal eskolak ehun urte bete ditu aurten eta mendeurrena behar bezala ospatzeko egun osoko pesta antolatu dute larunbaterako. 

Garai batean egiten zen bezala, eskolako ezkilak joz hasiko dute eguna. Ez da izango atzera begira egingo den keinu bakarra, argazki zaharren erakusketa jarriko dute plazan eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak utzitako materialarekin antzinako gela bat prestatzeko asmoa dute. 

Eskolan atarian 11:00etan emango diote hasiera pestari. Ondoren eskolara bisita egingo dute eta garai bateko ikasgela ikusteko aukera izango da. Eskolan prestatu duten emanaldi berezia izango da goizeko ekitaldi nagusia. Ondoren, Aresoko fanfarre eta buruhaundiek kalejira egingo dute plazaraino. Han egongo dira ikusgai garai bateko argazkiak, materialak eta jolasak. 

Mahaiaren bueltan bilduko dira gero ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Bazkaldu ondoren, bideo emanaldia izango da eta Batule eta Taupada batukadek girotuko dute herri ingurua. 

Iluntzean, pintxoak jarriko dituzte plazan eta Bide Batez musika taldeak alaituko du pesta bukaera.

Herritar guztiei festarako gonbidapena luzatu diete antolatzaileek «garai batekoak zein gaur egungo ikasleak, irakasleak eta familiak, denak elkarrekin pestan biltzeko aitzakia izan dadila ospakizuna». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun