Leitzan ez dutela eraso faxistarik onartzen adierazi du udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 29a, 10:30

Leitzan izan diren mehatxu faxisten aurrean, adierazpena onartu du Leitzako Udalak aste honetan. Horrekin batera, bihar arratsaldeko elkarretaratzera joateko deia egin du. Eraso faxistarik ez! lelopean 19:00etan eginen dute.

Abuztuan eta irailean hiru eraso faxista izan dira Leitzan. Azkena irailaren 3an gertatu zen. Herritar bati autoko gurpil batean labanaz ebakia egin eta kristalean «Fuera de Leiza putos monos!» zioen oharra jarri zioten leihoan. Gainera,  oharrean SS ikur nazia ere ageri da, alderdi naziaren talde paramilitarra izan zenaren siglak, hain zuzen.

Bada eraso horiek gaitzetsiz adierazpena onartu zuen udalak astearteko ohiko batzarrean. Oharrean dioenez, «faxismoa harro eta konplexurik gabe ageri da azkenaldian Estatu Espainiarrean, baita Euskal Herrian. Eta horren adierazlea da azken aldian, Leitzan ere, hainbat mehatxu faxista gertatu izana denbora gutxian».

Faxismoak «hainbat aurpegi dituela» dio udalaren adierazpenak, «faxismoa inperialista eta zentralista da; faxismoa matxista eta homofoboa da; klasista, xenofoboa eta arrazista da». Hainbat aurpegi izanagatik «guztiek ezaugarri berberak dituztela» adierazi du, «beti baztertzailea eta ukatzailea da. Bere idealaren profilean sartzen ez diren pertsona, ideologia, pentsamendu, sinesmen eta sentimenduak baztertu eta suntsitzea du helburua. Hizkuntza bakarra, nazio bakarra, arraza bakarra eta gizarte eredu bakarra inposatu nahi ditu».

Leitzak Udalak «argi eta garbi» utzi nahi izan du «Leitzan ez dugula inolako eraso faxistarik onartzen, ezta onartuko ere!». Gaineratu duenez, «Euskal Herriko etorkizuna kolorez marraztuko dugu, aniztasunean eta errespetuz». Horrekin batera, «identitate, izaera, jatorri zein bestelako aniztasunagatik bere eskubideak urratzen zaizkion eta mehatxua jasotzen duen orori elkartasuna eta babesa eskaintzea» onartu du udalak. Baita eraso faxistak salatzea ere, «halako gertakariak inpunitatez pasa ez daitezen, gure herrian ere gertatu direla jakinarazteko eta besterik berriro gerta ez dadin». Aldi berean, «gizarte aske, anitz eta berdinzale bat eraikitzeko konpromisoarekin lanean jarraitzea» onartu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun