Gaurtik aurrera salgai dira Leitzako zine bonuak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 29a, 09:00

16:30eko eta 19:00etako film emanaldietarako bonuak atera ditu Leitzako Udalak. Abenduaren 22ra arte erosten ahalko dira, www.leitza.eus webgunean edo asteazkenetan Herri Aretoko leihatilan. Bestalde, asteburu honetan hasiko da Leitzako zine denboraldia.

Umeentzako, gazteentzako eta publiko guztiarentzako diren 16:30eko saioen kasuan, bonua 31,50 euro ordainduta denboraldi osoan bederatzi film ikusteko aukera izanen da. Bonurik gabe 40,50 euro kostako litzateke.

18 urtetik gorakoentzako diren 19:00etako saioen kasuan, berriz, bonua 40,50 euro kostako da eta bederatzi film ikusteko aukera izanen da. Bonurik gabe 54 euro ordaindu behar dira.

Abenduaren 22ra arte salgai, maiatzaren 21era arte erabilgarri

Zine bonuak gaurtik abenduaren 22ra arte egonen dira salgai, eta 2023ko maiatzaren 21era arte erabili ahal izanen dira. Interesa duenak www.leitza.eus webgunean edo asteazkenetan Herri Aretoko leihatilan eska ditzake bonuak. Egun horretan 12:00etatik 14:00etara bertan izanen da kultur teknikaria. Eta norbaitek bonua online erosi eta abonatu zenbakia fisikoki gorde nahi badu, kultur teknikariaren bulegotik pasatu beharko du txartela eskatzera. Dena den, Leitzako Udalak gogoratu duenez, sarrerak hartzerako unean bonuaren kodea buruan izanez gero, ez da txartel fisikoa erakutsi beharrik izanen.

Gainerakoan, erabiltzaile bakoitzak nahi adina bonu eros ditzake. Denboraldi osoan emanen dituzten 17 filmen artean, norberak aukeratuko du zein pelikula ikusi. Baina bonu bakoitza ordu bati dagokio, 16:30ekoa edo 19:00etakoa izanen da, eta ezin dira beste ordutegietako sarrerak bonu berarekin konbinatu. Hori bai, zine bonua izenduna da, baina beste pertsona batzuekin parteka daiteke. 

Asteburuan zinema

Urrian sartzearekin batera, ohiko programazioarekin hasiko dira Leitzako Herri Aretoan. Hilabete aurreneko asteburua izanda, zinemak hartuko du protagonismoa. Larunbatean eta igandean, 16:30ean, DC Supermaskoten liga ikusgai izanen da eta 19:00etan Ali & Ava pelikula. Sarrerak online edo 30 minutu aurretik leihatilan eros daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun