[GUTUNA] Herrilurren ordenantza berria dela eta, Goizuetako Baserritarren Batzordearen hausnarketak eta alegazioak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 28a, 16:00

Juanjo Elizalde Usarraga Goizuetako Baserritarren  Batzordeko koordinatzaileak TTIPI-TTAPAra bidalitako gutuna da hau.

Goizuetako Baserritarren Batzordeak, gai honetan adituak direnen laguntzarekin, udalak proposatu duen herri lurren ordenantzaren zirriborroari alegazioak jarri dizkiogu. Laburtuta, hemen segidan daude gure hausnarketak eta alegazioak.

Hausnarketa

Hasteko, argi eduki behar dugu herri lurren kudeaketa on bat egiteko, aurrenik, Herri lurrak Kudeatzeko Plana (Plan de Gestión de Comunales) egoki eta zuzen bat behar dugula.

Mendian dauden identifikatu gabeko aziendak istripu arrisku handia dute eta gaitz hedatzaile izan daitezke nahiz pertsonentzat edota beraien artean ere.

Behin eta berriz dio udalak jasotzen dugun dirulaguntzen zati bat modu batean edo bestean zergetan kenduko digula. Jakin behar dugu baserritarrak ditugun dirulaguntzak elikagaiak prezio duin bat izateko direla eta ezin direla desbideratu beste eginkizunetara.

Alegazioak

  1. Auzolanen harira, garbi utzi nahi dugu baserritarrei bakarrik behartzea eginkizun hau egitera ez dela zentzuzkoa eta egokia. Nafarroan badaude 100 herritik gora aziendak komunaletara bidaltzen dituztenak eta batean bakarrik egiten dute hori, nahiz eta baserritarrak kexatu ziren. Gehienetan, herri osoak parte hartzen du auzolanetan. Kontuan hartu behar dugu gure aziendak mendiak garbitzen dituztela, beraiek mendira eramateagatik dirua ordaintzen dugu, baita hektarea ziurtagiriak lortzeko ere. Larreak erretzeko arrisku guztiak guk hartzen ditugu…
    Honetaz gain, auzolanak bakarrik baserritarrei behartzea ez da onargarria.
  2. Hektareak banatzeari dagokionez, legeak garbi dio azienden kopuruaren arabera proportzionalki banatu behar direla lurrak (6/90 Foru Legea, 190. artikulua). Denontzako ez bada iristen, azienda bakoitzeko hektarea gehien duenari, pixkanaka kentzen joatera eskatu dugu.
  3. Limiteen kontura, garbi dago legeak dioena: mendiak jaso dezakeen azienda kopurua egon behar du larreetan, ingurugiroari kalterik egin gabe eta aziendak jateko askirekin.
    Beraz limiteak jartzekotan, mendiak azienda gehiago jasan ezin duenean, ganaduari jarri behar zaie limiteak eta inoiz ez hektareei, zirriborroan dioen bezala.
  4. Tasen igoerari dagokionez, azienda bakoitzeko mendian izateagatik %200 igotzera proposatzen digute eta %50 hektareen ziurtagiriari dagokionez.
    Nahiz eta ez dugun diru askorik ordaintzen, ez da momentua igoera hauek egiteko, batez ere materia primen prezioen igoera (%45) dela eta. Kontutan hartu behar dugu herri askotan ez dutela ia ezer ordaintzen.

Alegazioak oso osorik irakurri nahi duenak herriko panel informatiboetan daude zabaldurik.

Denon artean ordenantza zuzen eta egokia sortuko dugulakoan gaude.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun