Mendialdea bere lehen Eskualdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Plana onartzeko bidean dago

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 23a, 15:00

Mendialdeko eragileekin 35 elkarrizketa eta bederatzi talde-saio baino gehiago egin dituzte, zortzi sektore ekonomikoren diagnostikoa egiteko.

Planaren zirriborroa eskualdeko biztanleriarekin alderatu nahi da urriaren 25ean Leitzako Herri Aretoan eginen den Foro Irekian

Mendialdea Eskualdeak hiruhileko honetan bere Eskualdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren lanketaren azken zatiari aurre egiten ari da. Plana hurrengo hurrengo urteetan zehar eskualdeko garapen ekonomikorako bide orria izango da.  Garapenerako ahalmen handiagoa duten bost sektore ekonomikorekin lan egingo da: Elikadura osasuntsu eta jasangarria, Energia Berdearen Industria, Industria orokorrean, Turismo jasangarria eta Merkataritza eta Ostalaritza. Planaren diseinua parte hartze prozesu baten bidez egiten ari da, eta eskualdeko hainbat sektore ekonomikoetako eragile nagusiekin 35 elkarrizketa eta 9 lan saio baino gehiago egin dira.  Planaren zirriborroa eskualdeko biztanleriarekin alderatu nahi da Foro irekian, urriaren 25ean, 17:00etan Leitzako Herri Aretoan.

Plana egiteko azken pausoak

Urteko lehen seihilekoan egindako diagnostiko fasearen ostean, datozen hiru urteetarako Ekintza Plana diseinatzen ari da. Horretarako, aukeratutako bost sektore estrategikoetako bakoitza lantzeko eskualdeko eragile nagusiekin lan-saio bat egiten ari da. Sektore bakoitza lantzeaz gain, eragile horien guztien batasuna eta inplikazioa sustatu nahi da eskualdearentzat etorkizun hobeago bat elkarrekin sortzeko.

Prozesuari amaiera emateko, urriaren 25ean, 17:00etan Leitzako Herri Aretoan, Eskualdeko biztanleria osoari irekitako parte-hartze foroa egingo da, prestatutako zirriborroa alderatu eta gizartearen ikuspegia gehitzeko asmoz. Izena emateko orri hau bete behar da edo 606 40 86 14 whatsapp zenbakia erabili. 

Ibon Mimentza Cederna Garalur erakundeko gerenteak nabarmendu duenez, «proiektuak inflexio-puntua izan nahi da Eskualdearen garapen ekonomikorako. Gure ustez, landa-ingurunean eta kultura propioarekin bizi nahi duen pertsona orok, Mendialdean kasu, baldintza egokietan bizi ahal izateko ahalmena dugu. Gazteek geratzea nahi dugu, eta ez hori bakarrik, baizik eta hemen dugun bizimoduaz gozatzen duen edonork Mendialdean bizi-proiektu bat garatu ahal izatea».

Bestalde, Ainhoa Oribe zonaldeko Cederna Garalurreko Garapen Agenteak dio proiektua anbizio handikoa dela, Mendialdea elkarrekin ibiltzea nahi baitu, garapen sozioekonomiko komunaren ikuspegiarekin. «Urriaren 25eko foroak ahalik eta parte-hartze handiena izatea nahi dugu, Mendialdean nahi dugun etorkizuna denon artean sortzeko ilusioa baitugu».

Orain arte egindako prozesua

Cederna Garalur Tokiko Ekintza Taldeak Nafarroako Mendialdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzea du bere izateko arrazoia eta Aktibazio Planaren sustatzailea da. Cederna Garalurrek, Plazaola Partzuergo Turistikoak eta eskualdeko hamaika udalek osatzen dute Planaren Talde Eragilea, beronen ordezkari eta bermatzailea izanik. 2022 honetan diseinatzen ari den Planaren oinarrizko helburuak hauek dira:

  1. Eskualdeko ehun produktiboa indartu eta suspertzea.
  2. Ekintzailetza eta kalitatezko enplegua sustatzea, biztanleria lurraldean finkatu eta erakartzeko.
  3. Aliantza publiko-pribatuak garapen ekonomikorako elementu garrantzitsu gisa sustatzea.
  4. Eskualdeen integrazioa eta kohesioa hobetzea toki entitateak, produkzio-sektoreak, hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak eta biztanleria biltzen dituen gobernantza eredu parte-hartzaile batetik.

Eskualdeko eragile esanguratsuekin 35 elkarrizketa eta bederatzi talde-saio baino gehiago egin dira zortzi sektore ekonomikoren diagnostikoa egiteko –horretarako Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategia (S4) kontuan hartu da– eta bakoitzaren garapen-potentziala baloratu ondoren hautatutako 5 sektoreen ekintza plana diseinatzeko. Aukeratutako bost sektoreak honako hauek dira: Elikadura osasuntsua eta jasangarria, Energia Berdearen Industria, Industria orokorrean, Turismo jasangarria eta Merkataritza eta Ostalaritza.

Planaren diseinua azken txanpan dago. Urrian herritarren ekarpenak jasotzeko Foro irekia egingo da eta urte amaieran Planaren aurkezpen publikoa. Aktibazio Planean interesa duen oro Foroan parte hartzera animatu dute. Izena emateko orri hau bete behar da edo 606 40 86 14 whatsapp zenbakia erabili.

Horrez gain, prozesua amaitu arte Cedernaren webgunean (http://www.cederna.eu/mendialdea-plana/) eskuragarri daude orain arte landutako dokumentazioa. Eskualdearen etorkizun ekonomikoari buruzko ikuspegia emateko iradokizunen buzoia ere daukagu. E-mail bidez ere jar harremanetan jarzteko aukera dago: mendialdeaplana@cederna.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun