Aurrera Kirol Elkarteak, Leitzako Udalarekin eta Bai Euskarari elkartearekin batera, XIV. Aurrera Elkartearen eguna antolatu du urriaren 1ean, larunbatean. Hainbat ekitaldi izanen dira Leitzan egun guztian, goiz-goizetik hasita.
09:00etan hasiko da jardunaldia, txistularien dianarekin, eta 10:00etan futbol taldeko jokalari gazteen partiduak izanen dira plazan. 11:00etan pilota eskolako jokalarien saioa izanen da plazan eta 12:00etan, leku berean, dantza taldearen ikuskizuna. 13:00etan Leitzako konpartsaren kalejira izanen da Incansables txarangarekin batera. Honez gain, 11:00etatik 13:00ak arte haur eta gazteentzako ginkana eginen dute plazan, eta norberak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu horretarako. Ordu berean rokodromoa izanen da elkarteko atarian.
14:30ean Aurrerako bazkideen bazkaria eginen dute karrapean. Menua hurrengoa izanen da: zainzuriak eta patea, otarrainxkak baratxuri erara, txanpiñoiak urdaiazpikoarekin, zurtoin beteak onddo saltsan, oilasko izter beteak, sorbetea, goxua, kafea eta kopa. Ardoa, sagardoa eta xanpaina ere izanen dira.
Bazkal ondoan, bazkideek Ingurutxoa eginen dute, eta ondoren konpartsaren kalejira izanen da berriz ere Incansables txarangarekin. 21:30ean luntxa izanen da elkartean bazkideentzat eta bazkaldarrentzat. Gauean pestarekin jarraitzeko Jose Mendizabal gizon orkestra izanen da Aurreran.
Bazkarirako eta luntxerako txartelak Torrean eta Peritzan eros daitezke irailaren 28ra arte, 25 eurotan bazkideentzako eta 29 eurotan bazkide ez diren bikoteentzat. 65 urtetik gorako bazkideek dohainik izanen dute bazkaria, baina asistentzia jakinarazi beharko diote arduradunen bati.