'Iparrarekin bat!' kanpaina abiatu dute Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 15:00

12-16 urte bitarteko nerabeei eta haien familiei dago bideratua eta ongizate emozionala eta osasun mentala ditu hizpide

Urtero bezala, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Programak kanpaina berria egin du Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzungo Prebentzio Programekin batera. Iparrarekin bat! du izena kanpainak eta 12 eta 16 urte arteko nerabeei eta haien familiei dago bideratua. Ongizate emozionala eta osasun mentala hartu dituzte hizpide, «helburu nagusia emozioak gure bizitzaren eta errutinaren parte direnaren kontzientzia hartzea delarik».

Kanpaina garatzeko, eskutitzak bidali dizkiete 158 familiari, Nafarroako Gobernuko ongizate emozionalari buruzko eskuorriekin batera. «Familiari balorea ematen eta nerabezaroa garai berezi eta gorabeheratsu bat bezala ulertzeko gakoak eman dituzte. Horrez gain, familiak emozioen inguruan hitz egitera animatzeko aholkuak eman zaizkie».

Gainera, «ongizateko bidea eskuratzen laguntzeko» aholkuak dituzten eskutitz bana eta iparrorratzak banatu dituzte 190 nerabeen artean. «Emozio guztiak baliagarriak direnaren mezua transmititzen zaie eta garrantzitsuena hauek identifikatzen jakitea eta norberak bere iparra begi-bistan izatea dela. Egunerokotasunean aurrera eraman ditzaketen ekintza eta aholku sinpleak ere eskaintzen zaizkie, esate baterako, eguna antolatzea, sozializatzea, gustukoak dituzten ekintzak praktikatzea, gauzak banaka egitea, arazoak bizitzaren parte moduan onartzea, lasaitzeko egoerak sortzea, emozioei hitzak jartzea, kezkei ekitea eta behar dutenean laguntza eskatzea, esate baterako».

Informazio gehiagorako, Prebentzio Programarekin harremanetan jar daiteke 948 510 840 telefono zenbakira deituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun