Energia berriztagarrien komunitateak sortzeko lehen pausoak eman nahi ditu Mendialdea Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 16a, 14:00
Leitzan hainbat pauso eman dituzte energia berriztagarrien komunitatearen bueltan.

Egungo kontsumo energetikoarekin eta horrek sortutako eraginekin kezkatuta «gero eta herritar gehiago» dagoela ikusita, Mendialdea Mankomunitateak energia berriztagarrien komunitateak sortzeko lehen pausoak ematea erabaki du. Hasteko, irailean eta urrian lau hitzaldi antolatu dituzte eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu die mankomunitateak.

Mendialdeko herritarrek gaiarekiko erakutsi duten interesari «modu kolektiboan» erantzun nahi dio Mendialdea Mankomunitateak, eta Goiener kooperatibaren laguntzarekin, energia berriztagarrien komunitateei begira hasi da. Mendialdeko Agenda 21eko ekintzen barrenean kokatu dute, eta Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatuko dute.

Herritarrak eta herriko erakundeak bildu nahi dituzte energia berriztagarrien komunitateetan, eta hala, «energia sektorearekin zerikusia duen edozein jardueratan lankidetzan aritu eta erabakiak batera hartu» nahi dituzte.

Goiener arduratuko da aholkularitzaz eta prozesuak gidatzez eta gogoratu dutenez, «energia fosilak alde batera utzi eta bertako energia berriztagarria erabiltzeaz gain, kontsumo arduratsua eta eraginkorra egitea da energia berriztagarrien komunitatearen helburua, herri bakoitzak dituen baliabideak eta beharrak ongi aztertu ondotik». Horrekin batera, «ingurugiroari eta herritarrei onura ekonomikoak ekartzeko aukeraz gain, energia berriztagarrien komunitateak bizilagunen arteko harremanak sortu eta energia modu justuan banatzeko tresna paregabeak direla» adierazi dute. Horregatik, gaiarekin kezka duten Arano, Areso, Araitz, Betelu, Goizueta, Leitza, Larraun eta Lekunberriko herritar guztiei egin diete herriz herri eginen dituzten bileretara joateko deia.

Kontsumituko dugun energiaren ardura hartzera goaz izenburupean, lau hitzaldi antolatu dituzte: Larraun-Lekunberrin irailaren 22an, Leitzan urriaren 4an, Araitz-Betelun urriaren 20an eta Goizuetan urriaren 27an. Gaineratu dutenez, «herritar guztiek izanen dute hausnarketa prozesuan parte hartzeko aukera, baita energia berriztagarrien komunitateen sorreran zein aurrerantzean garatuko diren proiektuetan aritzekoa ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun