Itziar Azpiroz Alkoz

«Amalurrak zentzumenak elikatu, emozioak piztu eta inspiratu egiten nau»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 17a, 08:00

Iruñean bizi den artista leitzarra da Itziar Azpiroz Alkoz. Sormena eta musika beti egon dira presente bere bizian, eta «naturarekiko zaletasun handia» duenez, artelanak sortzen ditu hiru hauek uztartuz.

Eskulanetan ttikitatik

«Betidanik gustatu izan zait sortzea eta birziklatzea, opariak eskuz egiteaz; landareak prentsatzen eta itsasten adibidez orri-markatzaileak edo postalak egiten nituen». 

Autodidakta da eta bere kabuz ikasi du dena egiten; «barrutik sortzen dena eta momentuak eskatzen didana egitea gustatzen zait. Pertsonalizatu behar badut, pertsona horri begira sortzen dut, bere nortasunaren arabera».

Azken 4-5 urteetan lagunentzako koadroak egiten hasi zen landare eta hosto lehorrekin, eta «leiho ttikietatik abiatuta, itsaso, fauna eta ingurugiroaren edertasuna eta errespetua lantzen duten konposaketa lanak egitera iritsi naiz».

«Leihoen markoekin jolasten dut eta leihatil bakoitza film bateko eszenatxo bat izan daitekeela pentsatzen dut, baina denon arteko lotura apurtu gabe». 

Lanen erakusketak

Duela hiru urte hasi zen ‘Naturaren leihoak’ proiektua prestatzen, eta 2021eko maiatzean aurkeztu zuen bere lehenbiziko erakusketa Koke Ardaiz eskultorearekin batera Iruñeko Ingurumen Hezkuntza Museoan. 

«Ardaizek ere naturaren elementuak erabiltzen ditu, enborrak adibidez, eta elkarrekin Amalurrak bizia islatzen duela adierazi nahi genuen, nahiz eta aldakorra eta iraungaitza izan, gure modu xumean iraunkortasun bat ematen saiatzen garela gure lanen bidez».

Honez gain, «nire ezaugarri bat bezala, lanetan eguzki dindaiak azaltzen saiatzen naiz, nolabait irudikatuz. Garoa ere asko erabiltzen dut».

«Naturarekiko zaletasuna eta sormena uztartzen ditu nire lanetan»

Harrera «ezin hobea» 

Erakusketak «oso harrera ona» izan zuen eta hiru erakusketa gehiago egin ditu geroztik Azpirozek; 2021eko abenduan Iruñeko bus geltokian, 2022ko urtarrilean Aretxabalateko Karrape kultur etxean eta azkena ekainean Leitzako Herri Aretoan, Koke Ardaizekin batera berriz. 

«Leitzako jendearen erantzuna bereziki hunkigarria izan zen; eskolakoak eta Okille tailerrekoak gonbidatu nituen eta bisita gidatuak egin nituen. Giro polita sortu zen, haurren hausnarketak, ikusten eta sentitzen zutena, oso berezia zen, eta askok berriz ere errepikatu zuten. Oso eskertuta nago eta horrek motibatu nau Larraintzarren hurrengo erakusketa bat jartzera urrian».

Musika ere uztartuz

Azpiroz ez da diziplina artistiko bakarrera mugatzen; «ttikitatik musika entzun izan dut etxean eta kantatzeko zaletasun izugarria genuen. Horrek asko markatu nau eta hainbat abesbatzetan abesten aritu naiz. Duela urte batzuk bakarka abesten hastera ere animatu nintzen». 

Kantu eta sormen zaletasunak «fusionatu» nahi ditu bere erakusketetan; «Leitzan Amurizaren bertso bat kantatu nuen haurrekin eta ederra izan zen. Hor ikusi nuen haur eta nerabeekin konektatzeko moduak daudela, eta beraiek proposatu zidaten tailerrak egitea, kanta gehiago sartzea… hurrengo erakusketan kantu saio bat prestatu nahiko nuke».

«Ttikitatik musika entzun izan dut etxean»

Natura inspirazio iturri

Naturako elementuak erabiltzen ditu bere lanetan; «Amalurrak zentzumenak elikatu, emozioak piztu eta artea sortzera inspiratzen nau».

Hori da bere erakusketan erakutsi nahi izan duena; «'Naturaren leihoak' Amalurrarekiko miresmena eta zaletasunak sortutako proiektu artistikoa da, sormena eta kantua batzen dituena».

Etorkizunera begira

«Kantuzaletasuna eta artea» elkartzeaz gain, bertze hainbat helburu ditu Azpirozek etorkizunerako; «ipuinak kontatzen aritzen naiz boluntario gisa eta horrek ere umeei bisita gidatu bereziak egiteko aukera ekartzen dit; kontakizunak, elkarren artean sortutako istorioak, Amalurrarekiko elkartasuna… didaktikoki ere etekin bat ateratzen saiatuko naiz eta ikasteko baliogarria izatea espero dut».

Azkenik, «nire xalotasunetik konbitea zabaldu nahiko nuke bakoitzak ditugun dohain horiek, txikiak badira ere, beldurrik eta aurreiritzirik gabe azaltzera eta konpartitzera. Pixkanaka ausartzea, trukea sustatzea eta harremanak garatzea, berdin du non, gauzak amankomunean egitea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun