'Bidaide' antzezlana aurkeztuko dute igandean Leitzako Herri Aretoan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 9a, 14:00

19:00etan hasiko da ikuskizuna eta sarrerak eskuragarri daude zortzi euroren truke

Metrokoadroka Sormen Laborategia konpainiak Bidaide antzerkia aurkeztuko du igande honetan, irailaren 11n, Leitzako Herri Aretoan. 19:00etan izanen da ikuskizuna eta sarrerak zortzi eurotan eskura daitezke leitza.eus-en eta leihatilan 30 minutu aurretik. Antzezlana Udalbiltzako Geuretik Sortuak programaren barnean sortua da.

Sinopsia

Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik?

Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana.

Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza bat da. Herrietako kulturgileen jarduna gogoan, agian ekintza bera delako, orain eta hemen egin-egiteko behar hori, etorkizunak amesteko aukera ematen digun bultzadarik garrantzitsuena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun