Kristina Saralegi omenduko dute Leitzan irailaren 11ko Talo Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 8a, 09:00

Kristina Saralegi zena omenduko dute aurten Leitzako Talo Egunean.

Igande honetan 10:00etatik 14:00etara Talo Eguna ospatuko dute plazan. Iraileko agendan ohitura bihurtua den hitzordua berrartuz, igande honetan, irailaren 11n, taloak izanen dira eguneko protagonista.

Igandean 10:00etan hasiko dira Talo Eguneko ekitaldiak plazan eta 14:00etan itxiko dute. Alde batetik, Plazaola Partzuergo Turistikoko bazkide diren artisauek azoka eginen dute beraien produktuekin, eta bestetik, saralegitarren taloak dastatzeko aukera izanen da. Talo txapelketa ere eginen dute. Eguerdian, berriz, otsailean zendu zen Arro baserriko Kristina Saralegi Arribillagari omenaldia eginen diote.

 

Iraileko ekitaldi gehiago

Herri Aretoko iraileko programazioa ere prest du Miren Tirapu kultur teknikariak. Igande honetan, hilaren 11n, Metrokoadroka konpainiaren eskutik, Bidaide antzezlana ikusteko aukera izanen da, 19:00etan. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoko azken proposamena izanen da.

  • Irailaren 13an, euskara zerbitzuak euskararen erabileraren inguruko gogoeta saioa antolatu du, 19:00etan.
  • Irailaren 19tik 25era, berriz, Ramon Zabalegi artista plastikoaren lanekin erakusketa zabalduko dute.
  • Eta Irailaren 24an, LHL erronkako lantaldeak antolatuta, Motxila 21 taldearen kontzertua izanen da, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun