Artikutzari buelta emateko ateraldi luzea antolatu du Goizuetako mendi taldeak irailerako

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 4a, 09:00
Arainburu Mendi Taldeak Aranolara egindako ateraldian hartutako irudia.

32,62 kilometroko bidea eginez, Artikutzan barna bira eginen dute irailaren 17an Goizuetan. Arainburu Mendi Taldeak antolatu du eta parte hartu nahi dutenek irailaren 15a baino lehen izena eman beharko dute.

Mendizaleak Arriurdinetatik atera eta Loitzate, Izu, Eskas, Orozko zubieta eta Unalbiden barna ibiliko dira bueltan Arriurdinetara ailegatu aurretik. Itzuli «zaila» izanen dela aurreratu dute, «ibiltzen ohitutakoentzat». 32,62 kilometroko luzera eta 1.225 metroko malda izanen ditu.

Irailaren 17an 07:15ean Goizuetako plazan elkartuko dira eta kotxez Arriudinetara joanen dira. Kotxea eramateko boluntarioak beharko dituztela adierazi du Arainburu Mendi Taldeak, eta kotxea eramateko prest dagoenak izena emateko orrian zehaztu beharko du. 16:30 alderako itzuliko dira. Norberak bere gosaria eta bazkaria eraman beharko ditu, eta antolatzaileak ez dira gerta daitezkeen ezbeharren erantzule eginen.

Izen ematea irailaren 15erako egin beharko da Goizuetako estanko eta arropa dendan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun