Uda giroa

San Agustin Eguna ospatuko dute igandean Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 24a, 09:00

Urtean behin irekitzen dituzte Artikutzako ateak, eta hori igande honetan, abuztuaren 28an, eginen dute, bi urteko geldialdiaren ondotik, San Agustin Eguna ospatuko baitute. 08:00etan irekiko dituzte ateak, eta pilota partidek, herri kirol saioak eta dantzaldiak osatuko dute egitaraua.

11:30ean hasita bi pilota partida jokatuko dituzte. Alde batetik, emakumezkoetan, M. Arrillaga eta E. Gaminde (Aginaga-Laukiz),  M. Larrarteren eta L. Galeanoren aurka (Bidania-Antzuola) ariko dira. Bestetik, gizonezkoetan, O. Zabaletak eta E. Zalakainek (Oiartzun),  O. Etxeberriaren eta A. Apezetxearen (Oiartzun-Goizueta) aurka jokatuko dute.

17:00etan, berriz, herri kirol saioa hasiko da. Aizkoran, Irati Ostolazak Karmele Gisasola izanen du kontrario eta horrez gain, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo leitzarra Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Ugaitz Mugerzaren aurka ariko dira. Jose Ramon Bustinza Tubik herri kirol erakustaldia emanen du eta harri jasotzailea ere lanean ariko da.

19:30etik aurrera Muxutruk taldeak hartuko du lekukoa eta dantzaldia izanen da. 

Horrez gain, ez da jateko eta edateko faltarik izanen. Bi txosna jarriko dituzte eta hainbat produkturen salmenta postuak ere izanen dira.

Goizuetako lurretan dago Artikutza, nahiz eta 1919az geroztik Donostiako Udalarena den. Goizuetar askoren bilgune izaten da, eta seguru aurten ere hala izanen dela, baita inguruko beste hainbat herritarrena ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun