Leitzako txosna gunean gertatutako «eraso eta mehatxu faxistak» salatu dituzte 150 bat herritarrek

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 19a, 08:30

Atzo arratsaldean 150 bat lagun elkartu dira Faxismoari stop lelopean. Pesta bezperatan pintura gorria bota zuten txosna batera, eta pestetako azken egunean herritar baten aurkako mehatxuak ere agertu ziren.

Txosna gunean «eraso eta mehatxu faxistak» jasan dituztela salatu zuten atzo arratsaldean 150 bat herritarrek Leitzako plazan, Leitzako Txosna Batzordeak antolatutako elkarretaratzean.

Txosna Batzordeak azaldu duenez, abuztuaren 9an gertatu zen lehen erasoa, pesta bezperetan. Muerte a los terroristas mezua agertu zen txosna batean idatzita, eta pintura gorria ere bota zuten kanpoko aldetik. Pestetan ez zen antzeko beste gertakaririk antzeman, baina abuztuaren 15eko gauean, beste mezu bat agertu zen herritar bati zuzendutako mehatxuekin.

Elkarretaratzean irakurritako komunikatuan, Txosna Batzordeak erasotua izan den herritarrari eta bere familiari «elkartasun eta babes osoa» adierazi die, eta «Euskal Herria hainbestetan erasotu duen eta erasotzen jarraitzen duen faxismoa espainiarra» salatu du. Horrelako gertakariak «berriro gerta ez daitezen borrokan jarraituk dutela» adierazi dute. Leitzako EH Bilduk ere erasoa salatu du eta elkartasuna adierazi dio erasotuari.

Leitzako Txosna Batzordearen komunikatua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun